REAL UNIONEK BERDINKETA LORTU ZUEN REINO DE LEONEN
Irundarrek Leonesa taldearen aurka 1-1eko markagailua lortu zuten aurreko larunbatean
Pasa den asteburuan, larunbatean hain zuzen ere, Real Unionek denboraldiko lehen multzoko 19. eta azken jardunaldia jokatu zuen Leonesa taldearen aurka, Reino de Leon zelaian. Neurketa galtzen hasi baziren ere, bigarren zatian markagailua berdintzea lortu zuten, eta puntu bat gehitu zioten sailkapenari.
Lehen zatia hasi eta segidan, bi taldeak aukerak izan zituzten gola sartzeko, baina ez batak eta ez besteak ere, ezin izan zituzten errematatu. Minutu batzuk beranduago berriz, Leonesako Jon Gaztañaga andoaindarrak baloia jaurti eta Irazustak defendatzen duen atera sartzea lortu zuen. Horrela, 1-0ko markagailua erdietsi zuen etxeko taldearen alde. Atsedenaldiaren aurretik, Llamasek bi aukera garbi izan zituen emaitza hori iraultzeko, biak buruz egindako bi jokaldirekin, baina ezin izan zuen gola sartu eta Real Unionek hutsean amaitu zituen lehen 45 minutuak.
Bigarren zatia hasi eta bost minutura berriz, irundarren txanda iritsi zen. Penalti baten bidez, Mario Capeletek gola erdietsi zuen eta 1-1ekoa lortu zuen taldearentzat. Penaltia erraztu zuen jokaldian gainera, Leonesako Fran Cruz kanporatua izan zen eta etxeko taldea bat gutxiagorekin geratu zen azkeneko 40 minutuak jokatzeko. Hau Real Unionentzat abantaila izango zela zirudien arren, ez zen horrela izan eta momentu hortatik aurrera irundarrei gehiago kostatu zitzaiten gola egiteko aukerak sortzea. Hala ere, markagailuari eutsi zioten eta partidua 1-1ekoarekin amaitzea lortu zuen.
Neurketaren ondoren, Aitor Zulaikak Leonen lortutako puntua “ona eta zuzena” zela aipatu zuen, gainera “talde oso on baten aurka” irabazitakoa. Entrenatzaileak jardunaldiaren balorazioa ere egin zuen: “Partiduak hiru fase izan ditu. Lehenengoa, neurketaren hasiera izan da. Ez gara ondo sartu, agian beldur pixka batekin aritu gara bai defentsan eta baita erasoan ere, eta zalantzak izan ditugu. Bigarren fasean, taldea ongi egon da, baloia ostu ondoren ondo ibili gara eta gola egiteko aukera izan dugu. Honek jarraipena izan du bigarren zatiaren hasieran ere, penaltiz gola sartu dugun arte. Hortik aurrera, beraiek jokalari bat galdu dutenetik aurrera, ez dugu jakin partidua interpretatzen. Hau esanda, lortu dugun puntua justua izan da”.
Denboraldiko lehen multzoko partidu guztiak jokatuta, Real Unionek 30 puntu ditu guztira eta zazpigarren sailkatua da. Aurretik Logroñes taldea du, 31 punturekin, eta atzetik El Ferrol Racing, 29 puntureki. Irundarrek orain arte jokatu dituzten 19 neurketatik, bederatzi irabazi dituzte, hiru berdindu eta beste zazpi galdu dituzte.
(Argazkia: Irene Rodriguez)