REAL UNIONEK BARCELONAREN KONTRA JOKATUKO DU URTEKO AZKEN PARTIDUA
Johan Cruyff zelaian ospatuko da bi talde hauen arteko neurketa, larunbatean (abenduak 17) 19:00etan
Real Unionek Ligako azken norgehiagoka jokatuko du bihar Johan Cruyff zelaian. Arratsaldeko 19:00etan izanen da Barcelona B-ren kontrako partidua eta Real Unionek ahal den mailarik onena erakutsi beharko du talde handi honen aitzinean.
David Movillak gaur goizeko prentsaurrekoa argitu duenez, “helburua talde honek bere jokalarien gaitasun guztiak erakusteko gai izatea da. Horretarako, ni euren zerbitzura jarriko naiz eta espero dut lan guzti hau biharko neurketan ikustea”. Astea lasaiagoa izan da bai jokalarientzat, baita entrenatzailearentzat ere, eta “oraindik lan asko” baldin badu ere, “asteak kaos gutxiago eduki du eta ni ere nire lekua hartzen joan naiz”.
Lasaitasun hau ongi etorri izanen zaio Real Unioni, izan ere, biharko hitzordua gogorra izanen da, aurkaria indartsua delako. Movillak Barcelonako jokalariak goraipatu nahi izan ditu: “Epe laburrean futbol profesionalean ikusiko ditugun jokalariak ditu taldeak eta horrek gure bertsiorik onena ematea eskatzen digu”. Hau dela eta, talde txuribeltzak kataluniarren “banakako eta taldekako talentua indargabetu” beharko duela jakinarazi du prestatzaileak. Aldi berean, talde irundarrak bere bertuteak erakutsiko dituela ere argi utzi nahi izan du, “ahalmena baitu maila on bat emateko horrelako eskenatoki batean”.
Datorren asteko Kopako neurketak ez duela euren lanean eragingo ere onartu du Movillak: “Ez dugu aldi berean bi partiduetan pentsatzeko gaitasunik. Orain zentzu guztiak Bartzelonan jarrita ditugu, hori baita garrantzitsuena. Hilabete baten buruan jokatuko ez bagenu bezala arituko gara bertan”.
Alta eta bajen inguruan ere mintzatu da entrenatzailea eta Kijera eta Joel bertan behera geldituko dira jakinarazi du, baita Santos ere. Hauez gain, “gaurko entrenamenduan ikusiko dugu ea minduta dauden bertzeak prest dauden edo ez”. Alten inguruan, medikuen onarpena duten jokalariak daudela ere erran du, baina oraindik ere “behar duten tonu fisiko egokia ez dutenak”.