REAL UNIONEK BANA BERDINDU ZUEN LEONESAREN AURKA
Zapore gazi-gozoarekin amaitu zuten txuribeltzek atzo Leonesaren aurka jokatutako neurketa
Real Unionek atzo jokatu zuen, Stadium Galen, denboraldiko 30. jardunaldia Cultural y Deportiva Leonesa taldearen aurka. Joko ona erakutsi zuten Aitor Zulaikaren mutilek zelaian, eta aurkaria baino gehiago izan ziren partidu guztian zehar. Hala ere, ezin izan zuten garaipena eskuratu eta bana berdinduta amaitu zuten bi taldeak. Nahiz eta emaitza txarra ez izan, txuribeltzek sentsazio mingotsarekin ekin diote aste berriari.
Talde irundarrak denboraldiko lehen zatirik onena jokatu zuen atzo etxean, baina ezin izan zituen aukerak errematatu. Lehendabiziko 45 minutuetan, sei aukera garbi izan zuen Real Unionek markagailua bere alde jartzeko. Neurketa hasi eta berehala, Seguinek ateratako falta baten jaurtiketarekin etorri zen. 15. minutuan, berriz ere Seguinek izan zuen gola sartzeko aukera, baina ez zuen asmatu. Jokalari berak, 21. minutuan, Nuñezek pasea egin ondoren, jaurtiketa berri batekin saiatu eta orduan ere baloia desbideratu zitzaion. Hamabi minutu beranduago, txuribeltzek gola sartzea lortu zuten, baina epaileak hau deuseztatu zuen Obolskiiri falta egiteagatik. 39. minutuan Capeleteren txanda izan zen, jaurtiketa hau ere gurutzatuegia izanda. Atsedenaldirako bi minutu falta zirenean, lehenengo zatiko azken abagunea izan zuen etxeko taldeak. Orduan, Bravok jaurti zuen baloia, baina ezin izan zuen sarera sartu.
Bigarren zatia beraz, hutsean hasi zuten bi taldeek eta Leonesak aukera berri hau aprobetxatu nahi izan zuen markagailua bere alde jartzeko. 10. minutuan, Julen Castañeda tolosarrak korner bat errematatu eta 0-1ekoa ezarri zuen bere taldearentzat. Une horretan, Real Unioni neurketa konplikatu zitzaion eta porrotaren itzala azaldu zen Galen. Edonola ere, txuribeltzek amore eman gabe borrokan jarraitu zuten, eta berehala beraien momentua etorri zen. 74. minutuan, zelaira sartu berri zen Elizondok baloia jaurti eta sarera sartzea lortu zuen. Horrela, etxeko taldeak banako berdinketa eskuratu zuen partiduaren amaierarako.
Bost porrota jarraian jaso ondoren, berdinketa ez zen emaitza txarra izan Real Unionentzat. Hala ere, zapore gazi-gozoarekin alde egin zuen taldeak Stadium Galetik. Izan ere, partidu ona jokatu eta gero, garaipena merezi zutenaren sentsazioarekin gelditu ziren jokalari eta entrenatzaileak. Honi konponbidea emateko, taldeak hurrengo igandean izango du aukera berri bat. Orduan, txuribeltzak Zamora CFren aurka arituko dira, Ruta de la Plata zelaian, arratsaldeko 17etan.
(Argazkia: Haimar Marcos)