Real Union Yeimar Mosquera gabe geldituko da, baina Joan Puig fitxatu berri du

2025/01/29
Klub txuribeltzak atzo iragarri zuenez, Yeimar Mosqueraren lagapena bukatzea erabaki dute Real Unionek eta Aston Villak. Hori horrela, Jon Puig izanen da talde irundarraren fitxaketa berria, Espanyoletik etorri den erdilaria.
Real Union Yeimar Mosquera gabe geldituko da, baina Joan Puig fitxatu berri du

Real Unionek jakitera eman duenez, klub txuribeltza eta Aston Villa akordio batera iritsi dira, Yeimar Mosqueraren lagapenaren bukaera sinatzeko. Jokalari kolonbiarra udatik egon da Irunen jokatzen eta guztira, 533 minutu aritu da denboraldi honetan. Urtarrilean, 20 urtez azpiko Hego Amerikako Txapelketan izan da eta hortik bueltan, zuzenean, Aston Villan sartuko da. 

Hau honela, talde txuribeltzak Joan Puig fitxatu berri du, Espanyol taldetik etorriko den erdilaria. Llagostera taldearen harrobian hezia da Puig eta UE Costa Brava eta Badalona Futur CF taldeetatik pasatu da. 2022/23 denboraldian ailegatu zen RCDE Espanyol-era, bertako harrobiko taldean jokatzeko. Bi denboralditan, 48 partidu jokatu ditu guztira eta lehen taldearekin ere debuta egin zuen, Errege Kopako neurketa batean. Hala ere, 2024ko urtarrilean ezkerreko belauneko lotailu-haustura izan zuen, eta lesio larri horrek 7 hilabetez geldirik utzi ondoren, denboraldi honetan ez du gehiegi parte hartu Espanyol taldeko harrobian. 

Gironako jokalaria 2026ko ekainera bitarte sinatu du Real Unionekin eta, mediku azterketak egin ondotik, hasiko da taldearekin lanean.