Real Union sailkapeneko jeitsiera postuetan berriz ere
Real Unionek 3-0 galdu zuen pasa den larunbatean Espiñedon Arenteiro taldearen kontra. Lehen hamar minutuetan aitzindu ziren etxekoak eta talde txuribeltza gibeletik joan zen 90 minutuetan. Izan zituen aukerak errematatu gabe, sailkapeneko jeitsiera postuetan sartu da berriro Albert Carbóren taldea.
Neurketa hasi eta hamargarren minutuan sartu zuen Arenteirok lehen gola, Diego Ferreiroren eskutik. Jaurtiketa indartsu bat egin zuen etxeko jokalariak eta Wright gainditu zuen. Partiduak aitzinera egin zuen eta hurrengo gola ere galiziarren taldearena izan zen. Lehen zatiaren 30. minutuan ailegatu zen, Pascuren eskutik, eta markagailuan tartea ireki zuten etxekoek. Bigarren zatian, tarte hori murrizten saiatu ziren bisitariak, baina ez zen posible izan. Alderantziz, Arenteirok hirugarren eta azken gola sartu zuen, Berardozziren eskutik eta 3-0eko emaitza jarri zuen, behin-betiko.
Porrot mingarri hau jaso ondotik, Real Union sailkapeneko jeitsiera postuetan sartu da berriro. Hamaseigarrenean dago kokaturik, 20 punturekin, aurretik dituen Osasuna Promesas, Tarazona eta Zamorarekin berdinduta. Heldu den asteburuan, Cultural Leonesa jasoko dute txuribeltzek Stadium Galen (abenduaren 22an, 19:30ean).