REAL UNION ROCA IGOERAREN BILA

2023/04/19
REAL UNION ROCA IGOERAREN BILA

Talde irundarrak mailaz igotzeko aukera lor dezake SD Euskaldunari irabaziz gero

Aste Santuko atsedenaldiaren ondotik, asteburu honetan eskualdeko taldeek Ligari berrekingo diote. Kasu hori izanen da Real Union Rocarena ere. Carlos Garciaren mutilek SD Euskalduna jasoko dute Galeko anexoan igandean (apirilaren 23an), 16:30ean. Neurketa irabaziz gero, irundarrek Ohorezko Errejional mailara igotzeko aukera lor dezakete.

Real Union Roca sailkapeneko liderra da 61 punturekin. Honez gain, hamar puntuko aldea atera dio bigarren sailkatuari, Universidad de Deusto FC taldeari hain zuzen ere. Bortz jardunaldi gelditzen zaizkie denboraldia bukatzeko eta dagoeneko, matematikoki, mailaz igotzeko txartela irabaz dezakete asteburu honetan.

SD Euskalduna izanen dute oraingoan aurkari eta talde honi irabaziz gero, datorren urtean Ohorezko Errejional mailan aritzeko aukerak biderkatuko lirateke. Honez gain, Universidad de Deusto taldeak Oiartzun KEren kontra galdu edo berdindu beharko luke. Beraz, horren esperoan egon beharko dira Garciaren mutilak, euren lana betetzeaz gain. Hala ere, oraindik bortz jardunaldi jokatzeko dituzte eta ateak irekiak dituzte aurtengo helburuak lortzeko.

(Argazkia: Estudio Gover)