Real Union punturik batu gabe bueltatu zen Ponferradatik

2025/04/07
Talde txuribeltzak 3-1 galdu zuen Ponferradinaren kontra atzo eguerdian. Lehen minuturik maldan gora jarri zen partidua irundarrentzat eta bigarren zatian Koldo Obietak sartutako golak ez zuen bi taldeen arteko tartea deuseztatzeko balio. Sailkapeneko hamaseigarren postuan kokatu da orain Albert Carbóren taldea, jeitsiera postuetan berriz ere.
Real Union punturik batu gabe bueltatu zen Ponferradatik
SD Ponferradina 3
1 Real Union Club

Real Unionek 3-1 galdu zuen atzo eguerdian Ponferradinaren kontra. Partidua hasi eta berehala jarri zen aitzinetik etxeko taldea, nagusitasun hori denboran luzatuz eta talde txuribeltzarekin aldea areagotuz. Bigarren zatian, Koldo Obietak gol bat sartzeko aukera aprobetxatu zuen, baina ez zen nahikoa izan aurkariaren nagusitasunari aurre egiteko. 

Lehen zatiko bostgarren minutuan lortu zuen Ponferradinak aitzinetik jartzea. Bigarren jokaldi batean lortu zuten gola, Real Unionek urrundu zuen korner baten ondotik. Aldentzea etxeko jokalari batek jaso zuen ezker hegaletik eta erdiraketa bat eginez, Ponferradinako erasotzaile batek errematatu zuen, baina Wrightsek desbideratu zuen jaurtiketa. Borja Valle adi zegoen orduan eta baloia hartuta bigarren jaurtiketa bat egin zuen, sarean sartzea lortuz. Hamabi minutu beranduago gainera, etxekoek bigarren gola sartu zuen, Jose Luis Cortesen bidez, atsedenaldira 2-0ekoarekin joateko. 

Bigarren zatian, Ponferradinak hirugarren gola ere sartu zuen, garaipena erabakita utziz. Borja Valle izan zen berriz ere golegilea, 55. minutuan. Real Unionek ez zuen etsi eta hamar minutu beranduago, Koldo Obietak bidali zuen baloia sare barrura. Golaren ondotik, talde txuribeltzak indarra berreskuratu zuen eta aldeak murrizteko aukerak izan zituen, nahiz eta ezin izan zituzten hauek gauzatu. Denbora gehiagorik gabe, porrota jaso zuen Ponferradan Real Unionek, 3-1eko markagailuarekin. 

Honen ondotik, 37 punturekin, Real Union sailkapeneko jeitsiers postuetan sartu da berriro. Hurrengo asteburuan, Lugo hartuko du talde irundarrak etxean, igandean (apirilaren 13an), 12:00etan.