Real Union punturik batu gabe bueltatu zen Lugotik
Real Unionek porrota jaso zuen atzo Anxo Carron, CD Lugoren kontra 3-1 galdu ondotik. Punturik batu gabe bueltatu da talde txuribeltza Irunera, eta heldu den asteburuan, beharrezko hiruak poltsikoratzen saiatuko da etxean Bilbao Athleticen kontra.
Mikel Llorenteren taldeak ongi hasi zuen partidua Lugo, Sergio Benitok (23. minutuan) sartutako golari esker. Victor San Bartolomek ezkerrera ireki zuen, Finley Munroek erdiraketa bikaina egin, eta Sergio Benitok baloia sarera barrura bidali zuen, Real Unionek margailuan aitzina hartuz. Hala ere, hamar minutu beranduago, etxeko taldeak emaitza berdintzea lortu zuen, Marcos Sanchezen gol ikusgarri bati esker. Horrela, 1-1ekoarekin joan ziren atsedenaldira.
Aldageletatik bueltan, Lugoren markagailuak abantaila hartu zuen. Jon Cabok korner itxi bat atera zuen, baloiak zutoinean eman zuen eta errebotean, Iñaki Olaortuak jaso zuen hau. Zoritxarrez, Real Uniongo jokalariak egindako jokaldian baloia ate barrura sartu zen eta beraz, Lugorentzat izan zen gola. Honek min egin zion Real Unioni eta alderantziz, Lugok ongi aprobtexatu zuen, hirugarren gola ere sartuz. 52. minutuan, Erik Ruizek 3-1ekoa ezarri zuen behin-betiko markagailuan.
Porrot honekin, Real Unionek hilabete bat baino gehiago darama garaipenik lortu gabe, bost jardunaldiz segidan. Hamaseigarren postuan dago kokatuta sailkapenean, 17 punturekin. Heldu den asteburuan, abenduaren 7an, Bilbao Athletic jasoko du taldeak Galen, 17:30ean.