REAL UNION PUNTU BATEKIN ITZULI ZEN ETXERA EL COLLAOTIK
Talde txuribeltzak puntuak batzen segitzen du, jeitsiera gibelean utzi gabe
Real Unionek bertze puntu bat batu zuen sailkapenean El Collaon, Alcoyano taldearen kontra bana berdindu ondotik. Talde txuribeltzak 41 puntu ditu orain guztira, baina ezin izan da jeitsiera postuetatik aldendu.
Neurketa ez zen ongi hasi Real Unionentzat. Zazpigarren minutuan, Alcoyanok markagailuan aitzintzeko aukera aprobetxatu zuen eta, Alcainaren eskutik, gol bat sartu ahal izan zuen. Bigarren aukera ere etxekoena izan zen, baina oraingo honetan Irazusta Agüeroren jaurtiketa gelditzeko gai izan zen. 33. minutuan berriz, berdinketa eskuratu zuen talde txuribeltzak. Santosek eskuin hegaletik erdiraketa egin eta Bravok errematatu behar zuenean, Lillok bere atean sartu zuen baloia. Banako berdinketarekin, valentziarrak berriz ere aitzinetik jartzen saiatu ziren, baina ez zuten zorterik eduki.
Bigarren zatian, berdinduago egon zen bi taldeen jokoa. Gola sartzeko aukera garbi gutxi eduki zituzten bi taldeek ere. Hala ere, nagusitasuna etxekoena izan zen, nahiz eta irundarrek hau ongi defendatzen ere jakin zuten. Txuribeltzek azken aukera bat eduki zuten hiru puntuak eskuratzeko, baina baloiaren jabetza Luquek zuenean, partiduaren bukaera markatu zuen epaileak.
Puntu bat batuta, ordu batzuz, jeitsiera postuetatik kanpo ikusi zuen bere burua Real Unionek. Hala ere, jardunaldia bukatuta, berriz ere 17. postuan kokatua dago talde irundarra, 41 punturekin guztira. Heldu den igandean, honi buelta emateko bertze aukera berri bat izanen dute Iñaki Goikoetxean mutilek, oraingo honetan Stadium Galen. Irundarrek etxean jasoko dute Atletico Baleares, igandean 12:00etan.
(Argazkia: CD Alcoyano)