REAL UNION LAS GAUNASEN ARITUKO DA IGANDEAN

2021/11/19
REAL UNION LAS GAUNASEN ARITUKO DA IGANDEAN

SD Logroñes izanen dute arerio irundarrek denboraldiko hamahirugarren jardunaldi honetan

Real Unionek asteburu honetan Logroñora bidaiatuko du, igandean arratsaldeko 17etan SD Logroñes taldearen aurka jokatzeko. Denboraldiko hamairugarren jardunaldia izango da hau eta irundarrek hiru puntu ekarri nahiko dituzte etxera bueltan.

Gaur goizeko prentsaurrekoan Aitor Zulaika entrenatzaileak esan duen moduan, Logroñes “joku maila onena duen taldea da”. Nahiz eta batzuentzat ezustekoa izan denboraldi honetan lortzen ari direna, Zulaikak berak aipatu du “beraien jokua aztertuta ez da errebelazio bat. Oso forma onean daude, oso ondo jolasten dute futbolean”. Gainera, Real Unionentzat talde eredugarria dela ere onartu du, baita bere kintakoa den Cesar Caneda jokalaria ere: “Nire ustez eredu bat da. Jokalari eta profesional bezala goraipatzeko horietakoa iruditzen zait. Beste ispilu bat non begiratu”.

Hala ere, irundarrek “ondo” daudela ere azaldu du entrenatzaileak eta irabazteko gakoa “haiek baino piztuagoak ateratzea, haiek adina edo gehiago jokatzea eta korrika egitea, eta bi areatan ondo aritzea” dela ere adierazi du. Real Unionek gainera ia jokalari guztiak ditu jardunean, soilik Ivan Perez eta Carlos Bravo dira baja, lehenengoa zigorragatik eta bigarrena lesioagatik. Hau “garrantzitsua” dela esan du Zulaikak “entrenamenduen dinamikagatik eta lehia senti dezaten”, baina “ez erabakigarria”.

Errege Kopako lehenengo kanporaketa

Atzo arratsaldean Errege Kopako lehenengo kanporaketaren zozketa egin zen. Bertan, Real Unioni CD Palencia Cristo Atletico taldearen aurka aritzea egokitu zitzaion. Kanporaketa partida bakarrera izango da eta irundarrek Nueva Balastera zelaira bidaiatu beharko dute. Neurketak ez du data zehatzik oraindik, baina azaroaren 30etik abenduraren 2ra bitartean lehiatuko dira partidu guztiak.

Horren inguruan, Aitor Zulaikak norgehiagoka parekatua izango dela aurreikusi zuen: “Palentziara errespetu osoz joango gara, CD Palencia Cristo Atléticok eta lehiaketak merezi duten bezala. Ziur partida parekatua eta lehiatua izango dela”.