REAL UNION KLUBAK BAT EGIN DU KALEAN BAI EUSKARA SUSTATZEKO PLANAREKIN

2023/01/31
REAL UNION KLUBAK BAT EGIN DU KALEAN BAI EUSKARA SUSTATZEKO PLANAREKIN

Klub txuribeltzak bere lehen Euskara Plana aurkeztuko du, Irungo Udaleko “Kalean Bai” planaren baitan

Real Union Klubak, Irungo Udaleko Euskara Arloaren “Kalean Bai” planaren barrenean, lehen Euskara Plana aurkeztuko du 2022-2027 iraupen-aldirako. Planaren helburu nagusia klubak dituen barne eta kanpo harremanetan euskara sustatzea izanen da, eta horretarako, 32 ekintza eraman beharko ditu aurrera Igor Emeryk zuzentzen duen klubak.

Hiru ardatz nagusi izanen ditu Real Unionek aurkeztuko duen planak. Lehena, taldearen hizkuntza-irizpideak zehaztea izanen da. Honen harira, irizpideak betetzeko neurriak eta baliabideak ere eskainiko ditu klubak eta betetze-mailari ere jarraipena emanen dio. Bigarren ardatza Euskara-planaren inguruko adostasuna lortzea izanen da eta hirugarrena, aurrerapausuak ematea eta klub elebidun oso baten irudia zabaltzea. Guztira, 32 ekintza zehaztu ditu Real Unionek 2022-2027ko epean gauzatzeko.

Igor Emery Real Union Klubeko Administrazio Kontseiluko presidenteak plan honekiko konpromiso osoa erakutsi du: “Betidanik izan dugu konpromisoa euskararekin. Hala esan genuen gure aurkezpenean. Gure proiektuaren ardatzetako bat da, eta dagoeneko eman ditugu lehen urratasak: Klubeko komunikazioak elebidunak dira, webgune berria euskaraz ere kontsulta daiteke. Gainera, Kalean Bai programarekiko konpromisoa berritu dugu, Euskararen Aholku Batzordearen bileretara joan gara, Euskaraldian parte hartu dugu… euskara klubaren egunerokotasunaren parte da”.

Bertzalde, Irungo Udaleko Euskara arloko ordezkariak ere pozik azaldu dira klub txuribeltza bezalako entitate batek bat egin duelako euren planarekin: “Albiste zoragarria da gaurkoa. Izan ere, Real Union kluba erreferentzia bat da jende askorentzat gure hirian, eta gure historiarekin lotura estua dauka. Kalean Bai ekimenaren bitartez udalarekin hitzarmena sinatu zutenean, pauso garrantzitsua suposatu zuen gure hiriko euskararen normalizaziorako, eta prestatu berri duten planari esker, ziur gaude futbolean ere gero eta euskara gehiago egingo dela”.