Real Union jeitsiera postuetan Tarragona galdu ondotik
Real Unionek 4-1 galdu zuen atzo arratsaldean Gimnàstic de Tarragona taldearen kontra. Lehen zati berdindu bat jokatu zuten bi taldeek, baina etxekoek azken 45 minutuetan, nagusitasuna erakutsi eta garaipena lortu zuten, jardunaldiko hiru puntuak ere bereganatuz. Talde txuribeltzak beharrezkoak zuen puntuak irabaztea, baina ez zen posible izan, eta jeitsiera postuetan segitzen du.
Lehen zatiaren hasieran ailegatu zen etxekoen lehen gola. Joan Oriolek sartu zuen, penaltiz, hamargarren minutuetan eta Nàstic aitzindu zuen markagailuan. Hala ere, Real Unionek azkar erantzun zuen eta berdinketa ezarri zuen, bost minutu beranduago, Dani Garridoren eskutik. Honela, parekatuta eta garaipenaren bidea irekita utzirik, joan ziren bi taldeak atsedenaldira.
Bigarren zatian berriz, kataluniarrak indarrez zelairatu ziren eta berehala erdietsi zuen jardunaldiko bigarren gola. Pablo Fernandezek eskuin hegaletik erdiraketa egin eta baloia sare barrura sartzea lortu zuen 55. Minutuan, 2-1ekoa ezartzeko. Nagusitasun hau baliatuz, hirugarren gola sartzeko aukera ere aprobetxatu zuen Miguek, 61. minutuan, area ertzean jasotako aldaratze bat jaurti ondotik. Real Unioni zaildu egin zitzaion partidua orduan, ez soilik jasotako golengatik, baizik eta Alberto Quintanak txartel gorria hartu zuelako. Hori guztia guti balitz, laugarren gola sartzeko gai ere izan zen etxeko taldea, berriz ere Pablo Fernandezene eskutik eta 4-1eko emaitza jarri zuen behin-betiko.
Porrot honekin, Real Unionek jeitsiera postuetan segitzen du. Zehazki, hamazazpigarren postuan dago kokatuta, 40 punturekin guztira. Hurrengo neurketa larunbatean jokatuko da, maiatzaren 3an, Stadium Galen, 18:00etan. Talde txuribeltzak SD Tarazona jasoko du horretarako.