REAL UNION GARAIPENAREN BILA STADIUM GALEN
Txuribeltzak igandean arituko dira Cultural y Deportiva Leonesaren aurka
Real Unionek igande honetan jokatuko du denboraldiko 30. jardunaldia. Oraingo honetan, etxean arituko dira eta bertan jaso beharko dute Cultural y Deportiva Leonesa taldea. Lau porroten ondotik, txuribeltzak garaipenaren beharrean daude eta hori lortzera aterako dira zelaira igandean arratsaldeko 17etan.
Aitor Zulaika entrenatzaileak gaur goizeko prentsaurrekoan adierazi duen moduan, asteburu honetako neurketa “beste partidu zail bat beste talde on baten aurka” izango da. Leonesa taldea sailkapeneko hamabigarren postuan dago, 39 punturekin, Real Union baino lau gutxiagorekin. Hala ere, Zulaikak aipatu duenez, “sailkapenak esaten duena baino goragoko helburuekin” osatu den talde bat da, eta horregatik beragatik, aurkari gogorra izango dute irundarrek etxean.
Edonola ere, prestatzailea gogotsu azaldu da erronka honen aurrean, partiduaren data eta ordua onuragarria izango baita, bai taldearentzat eta baita zaleentzat ere: “Behingoz igandean 17etan neurketa izango dugu Galen. Hau jakinda, eta honen zailtasuna kontuan hartuta, gogotsu gaude partidu on bat egiteko”.
Astean zehar jokalariek egin duten lanaz ere mintzatu da azpeitiarra eta entrenamendu onak egin dituztela azpimarratu du: “Umorea ez da berdina izaten lau partidu galduta edo irabazita egonda, baina lana bera da. Normalean, emaitzek ez dute lana aldatzen. Nahiz eta oraindik bi entrenamendu falta diren, aste honetan egindako hiruekin oso gustora nago”.
Gaur eta biharko entrenamenduen faltan beraz, Real Unioneko jokalariak, orokorrean, sasoiean daudela onartu du Zulaikak. Hala ere, Nacho Sanchez erdilariak asteazkeneko saioan iskiotibialean mina nabaritu zuela ere jakinarazi du, eta horregatik, hamaikakoan sartuko den ala ez zalantza izango da azken momentura arte. Bestela, taldea bere osotasunean egongo da eskuragarri, Miguel Santos berreskuratuko baitute zigorretik bueltan.