REAL UNION GALERA BUELTATUKO DA IGANDEAN

2022/11/25
REAL UNION GALERA BUELTATUKO DA IGANDEAN

Talde irundarrak Gimnastic de Tarragona jasoko du etxean eguerdiko 12:00etan

Real Unionek denboraldiko hamahirugarren jardunaldia jokatuko du asteburu honetan. Stadium Galen arituko da talde irundarra eta bertan jaso beharko du Gimnastic de Tarragona. Neurketa igandean ospatuko da, azaroaren 27an, eguerdiko 12:00etan.

Aitor Zulaikaren hitzetan, “aurrez aurre bi talde on” egonen dira igandean Stadium Galen. Gimnastic de Tarragonak “ez zuen denboraldi hasiera ona izan”, entrenatzaileak jakinarazi duenez. Izan ere, bostgarren jardunaldira arte ez zuen garaipenik eskuratu aurten. Hala ere, azken lau partiduetan, hiru garaipen eta berdinketa bat erdietsi dute eta Zulaikak erran duen moduan, “bere lekua jartzen ari den taldea da, poliki-poliki goraka doana”.

Azpeitiarrak aurkaria goraipatu du eta “klub handi bat” dela azpimarratu du, “zale askorekin, entrenatzaile on batekin eta jokalari oso onekin, maila honetan eta goragokoetan esperientzia handia dutenak”. Real Unionentzat igandeko neurketa “erronka handi bat” izanen dela ere aipatu du, “garrantzitsua eta polita”.

Kataluniarrak garaitzeko gakoaren inguruan, Zulaikak euren nortasuna erakutsi beharko dutela adierazi du: “Gu geu izatea izanen da gakoa, bai baloiarekin eta baita baloirik gabe”. Honez gain, Gimnastic-en “arma batzuk kontrolatu” beharko dituztela ere jakinarazi du. “Hegaleko jokalari batzuk barruan jokatzen dute batzuetan eta horiek ondo kontrolatu beharko ditugu, baita jokalari garrantzitsuen mugimenduak ere”.

Hala ere, Real Union indaberrituta dagoela dirudi. Atzoko entrenamendua ondo joan zen eta zenbait teknikarik taldea osatuta ikusi zuten, indarrez. Aitor Zulaikak ere talde txuribeltza “entrenatzen talde bat dela dagoeneko”, erran du. Gainera, “poliki-poliki jendea berreskuratzen ari gara eta horrek animoak handitzen ditu, baita pasa den asteko garaipenak ere”, onartu du azpeitiarrak.