REAL UNION FEDERAZIO KOPAKO FASE NAZIONALERA PASATU DA

2023/09/14
REAL UNION FEDERAZIO KOPAKO FASE NAZIONALERA PASATU DA
Real Union Club 1
0 CD Derio

Erkidegoko finalean CD Deriori 1-0 irabazi zion talde txuribeltzak, eta fase nazionala jokatzeko txartela irabazi zuen

Real Unionek Federazio Kopako erkidegoko finala irabazi zuen atzo CD Derioren kontra. Azken zortzi minutuan, Peru Ruizek sartutako golari esker, talde txuribeltzak fase nazionala jokatzeko txartela eskuratu zuen Stadium Galen.

Gola lortu zuen jokalari berak izan zuen lehen aukera, partidua hasi eta ordu laurdenera. Peru Ruizek eskuin hegaletik egin zuen erdiraketa, baina aurkariaren atezainak baloia ongi desbideratu zuen kornerrera. Deriok ere bere abagunea izan zuen 27. minutuan. Barrerak errematea egin eta Unai Agirrek bere eskuekin jaurtiketa gelditu zuen. Atsedenaldia baino lehenago, Real Union saiatu zen berriro markagailua bere alde jartzen. 30. minutuan, Julen Azkuek egin zuen saiakera, baina areatik kanpo joan zen baloia.

Bigarren zatiko lehen aukera ere Peru Ruizek izan zuen, baina langan jo zuen erremateak. Guillermo Ruiz ere saiatu zen Hirugarren mailako taldea aurreratzen. 66. minutuan izan zen Derioren aukerarik garbiena eta etxeko atezainak, berriz ere, ongi gelditu zuen baloia. Neurketaren azken minutuetan, talde txuribeltza nagusitzen joan zen eta abagune ugari izan zituen gola iritsi aitzinetik. Azkenik, markagailua 1-0ean jarri zuen jaurtiketa Peru Ruizena izan zen, 82. minutuan, Solís-en pasearen ondotik.

Garaipen honekin, Real Unionek RFEF Kopako fase nazionalera pasatzeko txartela irabazi du. Final-hamaseirena izanen da orain Fran Justoren mutilen erronka. Gaur ospatu da fase honen lehen partiduaren zozketa eta txuribeltzei Asturiaseko txapeldunaren kontra jokatzea egokitu zaio. Oraindik ere ez dakite zehazki zein izanen den hau, baina Llanera edo Mario de Luanco taldeetako bat izanen dela argi dago, euren arteko finala irabazten duena hain zuzen. Norgehiagoka hau kanpoan jokatuko du Irungo taldeak, eta partidu bakarrera izanen da.

Horren aitzinetik, hala ere, Ligarekin segitu beharko du Real Unionek. Asteburu honetan, Arenteiro bisitatu beharko du, Fran Justok orain arte entrenatzen zuen taldea, zehazki. Neurketa larunbatean izanen da, irailaren 16an, 19:30ean.

(Argazkia: Barbara Duarte)