REAL UNION ETA VALLADOLIDEN ARTEKO NEURKETA BERTAN BEHERA
Real Unionen eman diren COVID-19 kasu positiboen ondorioz, igande honetan Stadium Galen jokatu beharreko partidua atzeratu egin da
Irundarrek, igande honetan, Valladolid Promesas taldea jasotzea egokitzen zitzaien, denboraldiko 21. jardunaldia jokatzeko. Hala ere, txuribeltzen klubak prentsa-ohar baten bidez jakitera eman duenez, Real Unioneko jokalari eta teknikari batzuen artean COVID-19 kasu positibo batzuk eman dira eta beraz, asteburu honetako norgehiagoka atzeratzeko neurria hartu dute.
Gaur goizean egin dizkiete testak Real Unioneko langileei eta hainbat kasu positibo atera direla ikusita, segidan jarri dira Espainiako Futbol Federazioarekin eta Real Valladolidekin harremanetan irtenbide baten bila. Federazioak neurketa bertan behera uzteko eskaera onartu du eta beraz, igande honetan ez dute partidurik jokatuko Stadium Galen. Oraindik ez dute zehaztu zein izango den norgehiagoka honen data berria, baina hurrengo egunetan argitaratuko dute.
Real Unionetik adierazi dutenez, positibo eman duten jokalari eta teknikariak ongi daude, ez dute sintomarik, eta protokoloak agintzen duen moduan, etxean isolatuta gelditu dira hurrengo proben esperoan.