Real Union baino gehiago izan da Barakaldo
BARAKALDO: Alejandro, Aythami, Izquier, Elguezabal, Pomares, Albisua, Armiche (62', Armiche), Cerrajería, Iker Hernández, Alain Arroyo (73', Yurrebaso'), David Martín (58', Cusidor).
REAL UNION: Txusta, Azkoiti, Morcillo, Aimar, Esnaola, Iriondo (46', Romo), Mujika, Martins, Barron, Oizkoidi (22', Juan Domínguez), Eizmendi (57', Iriarte).
GOLAK: 1-0: Cerrajería (11'). 2-0: Izquier (32'). 3-0: Izquier (46'). 3-1: Eneko Romo (67'). 3-2: Iriarte (84').
EPAILEA: Recio. Txartel horiak: Armiche, David Martín, Izquier, Arroyo, Aythami, Pomares, Yurrabeso (Barakaldo); Morcillo, Iriondo, Mujika, Iriarte, Juan Domínguez (Real Union).
Multzoko liderraren etxean galdu zuen larunbatean Real Unionek, Barakaldoko Lasesarren. Guadalajararen kontrako garaipenak indarberrituta irten ziren txuribeltzak berdegunera, baina kolpe gogorra jaso zuten lehen zatian. Ez ziren eroso ibili, eta etxekoek jokoaren arlo gehienetan gainditu zituzten. 11.minutuan lehen gola sartu zuen Cerrajeríak, arearen kanpotik jaurtitako ezkerkada batekin. Atzelarien presiorik ez zuen topatu. Real Unionen lehen aukera hamaseigarren minutuan heldu zen, Eizmendiren erdiratze on batekin. Martinsen errematea, ordea, pattala izan zen. 22.minutuan, Josu Ozkoidik zelaia utzi behar izan zuen, berriro min hartuta. Lesioen izurriteak ez du etenik, Unionen. Hiru minutu beranduago, abagune ona eduki zuen Mujikak korner batean, baina langatik gora bidali zuen burukada. 32.ean bigarren gola sartu zuen Izquierdok, falta jaurtiketa batean baloia hesiaren artean sartuta. Burumakur utzi zuten zelaia irundarrek, emandako itxura kaskarraren ondorioz.
Neurketaren norabidea aldatzeko itxaropenak oztopo handia topatu zuen bigarren zatia hasi bezain pronto. Izquierdok berak 3-0ekoa egin zuen zelaira bueltan, defentsa txuribeltzaren huts egite bat aprobetxatuta. Abantailak bizkaitarren lasaitasuna eragin zuen, eta erlaxazio puntu bat ere bai, denborak aurrera egin ahala. 66.minutuan jokaldi ona egin eta penaltia eragin zuen Juan Domínguezek. Eneko Romok barrura bidali zuen baloia, eta azkar atera zuen sareen artetik, hurrengo golaren bila segitzeko asmoz. Real Unionek hobera egin zuen, eta erreakziorako gaitasuna erakutsi zuen, bederen. Bigarren gola berandu samar iritsi zen, 85.minutuan, Iriarteren burukada eder batekin. Amaierara arte estutu zuen Irungo taldeak, baina ez zen berdinketa erdiesteko gai izan. Play off-erako txartela eskuratzeko lanean jarraitu beharko du Unionek hurrengo hiru jardunaldietan.