REAL UNION B-K LEHEN PORROTA JASAN DU

2021/09/27
REAL UNION B-K LEHEN PORROTA JASAN DU

Ezagutu itzazu Behe Bidasoa eskualdeko futbol taldeen asteburuko emaitzak:

Euskalduna izan da Real Union B garaitu duen taldea. Ugalde-Ventaseko futbol zelaian jokatutako neurketan, neurketa txarra jokatu zuen Egoitz Sayarren taldeak eta 0-2 gailendu ziren andoaindarrak. Resurreciónek azkar aurreratu zuen Euskalduna, alboko sakea baliatuta, buruz baloia ukitu zuten eta penalti puntuan, arazorik gabe, lehen gola jaso zuen talde irundarrak.

Talde txuri-beltza berdintzen saiatu zen, birritan eman zioten zutoinari, baina berdinketaren gola ez zen iritsi. Bigarren zatia hasi eta gutxira, Euskaldunak, Alcantararen bitartez, eguneko bigarren gola erdietsi eta guztiz erabakita utzi zuen norgehiagoka.

Ohorezko erregional mailan, emakumezkoetan, Mariñok atseden izan zuen. Beti Gaztek bai jokatu zuela, jokatu eta irabazi. 4-2 mendean hartu zuten Touring eta denboraldiko bigarren garaipena erdietsi dute. 

Gorengo mailako emaitzei dagokienez, emakumezkoetan, Hondarribiak 6-0 jipoitu zuen Martutene eta Dunboa Eguzkik 2-1 Intxaurdiri. Gizonezkoen txapelketari dagokionez, Hondarribiak 4-1 irabazio zion Oiartzuni, emaitza bera baina kontran jaso zuen Dunboa Eguzkik Rotetaren aurka eta Gure Txokoak 1-1 berdindu zuen Vasconiaren etxean.

Azkenik, 1.Erregional mailan, gizonezkoetan, Mariñok 0-2 mendean hartu zuen Behobia, Landetxa 4-2 gailendu zitzaion San Martziali eta Dunboa Eguzkik 5-2 jipoitu zuen Orereta Kafea.