REAL UNION B-K EUSKALDUNAREN AURKA IRABAZI ZUEN
Irundarrek 0-2ko markagailua eskuratu zuten larunbatean Andoainen
Garaipenik eskuratu gabe zeuden Real Unionekoak orain dela bi astetik, baina horri buelta eman eta asteburu honetan Euskalduna taldea menderatzea lortu zuten, joko oso onarekin gainera. Ubitarte zelaian jokatu zen partida, larunbatean, eta 0-2ko markagailua eskuratu zuten irundarrak, galduak zituzten hiru puntuak berreskuratuz.
Lehendabiziko zatian, Euskalduna gogor zelairatu zen eta txuribeltzak estutzen ibili zen lehen 20 minutuetan. Bi aukera garbi sortu zituzten, baina, Real Unioneko atezainak jakin zuen honen aurrean sendo mantentzen eta aukerak bertan behera utzi zituen. Gainera, Martinez de Lizak sartutako gol batekin, irundarrek buelta eman zioten neurketari. 0-1eko markagailua eskuratuta, Egoitz Sayarren mutilak nagusitu ziren eta geroztik, norgehiagoka kontrolatu egin zuten atsedenaldira iritsi arte.
Bigarren zatiaren hasieran berriz, etxeko taldea indarberritu zela ematen zuen eta berdinketaren bila atera ziren zelaira. Berriz ere, gogor estutu zuten baina oraingo honetan ez zuten aukerarik sortu eta, amore emanda, Real Unionek berriz ere neurketa bereganatu zuen. Horrela, partidaren 77. minutuan, Herrerok bigarren gola lortu zuen penalti baten bidez, eta markagailua behin betiko 0-2koarekin utzi zuen.
Egoitz Sayar entrenatzaileak aipatu zuen moduan, “gogorra izan zen hasieran, kostatu zitzaigun, baina gero neurria hartu genion”. Prestatzailea, gainera, oso pozik zegoen taldea erakusten ari den mailarekin, eta poliki-poliki maila honetako neurketen dinamika bereganatzen ari dela ere onartu zuen: “Taldeak oso serio hasi du urtea. Gure dinamika oso ona da eta oso pozik nago jokalariekin. Lan gogorra egiten ari dira eta konfiantzaz ikusten ditut”.
Real Union, beharrezkoak zituen hiru puntuak berreskuratuta, hurrengo igandean etxean arituko da Eibarren aurka, eguerdiko 12etan.