REAL UNION B-K AURREDENBORALDIKO PRESTAKETAK HASI DITU
Carlos Garciak entrenatuko du Irungo hogeita hamar jokalariz osatutako taldea
Real Unioneko bigarren taldeak aurreko asteazkenean hasi zituen aurredenboraldiko entrenamenduak. Carlos Garcia izanen da aurten ere beraien prestatzailea, urte berezi batean gainera. Izan ere, denboraldi honetan bigarren taldeak mende bat beteko du Roca historikoa sortu zenetik.
Pasa den asteazkenean, abuztuak 10, Real Union B-k lehendabiziko entrenamendua ospatu zuen. Aurtengo aurredenboraldia hogeita hamar bat jokalarik hasi dute, denak irundarrak. Berezitasun honekin eta taldearen mendeurrena ospatuta, Carlos Garciaren mutilak Gorengo Errejional Mailan arituko dira, Ohorezko Errejional Mailatik jaitsi ondoren.
Entrenatzaileak berak adierazi duenez, “iazko taldearen oinarri bat dugu, baita jubeniletatik gora egingo duten jokalariak eta beste talde batzuetatik datozenak ere. Oso pozik nago prestatzen ari garen plantillarekin eta kluba prestazioen mailan egiten ari den ahaleginarekin, kalitate jauzi bat ematea lortuko baitugu”.