QUINTEN HERMANS GAILENDU ZEN ALTSASUKO HELMUGAKO SPRINTEAN
Alex Aranburu izan zen berriz ere lehen euskalduna eta Primoz Roglicek segitzen du horiz jantzita
Eguraldi ederrarekin hasi zen atzo Ezpeletan Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapa. Ibilbidea aurtengo luzeena izan zen, 190,9 kilometrokoa Lapurdiko herritik Altsasuraino. Tartean, sei mandate igan behar izan zituen tropelak. Ihesaldia sortu zen, baina sprinterrek ez zuten galdu nahi helmugan besoak altxateko azken aukera. Horrela, azken kilometroetan tropela bateratu eta txirrindulari azkarrenek euren borroka propioa hasi zuten. Alex Aranburu (MOV) saiatu zen garaipena bereganatzen, baina azken metrotan Quinten Hermans (ADC) nagusitu zen, Edoardo Zambanini (TBV) eta Aranburu beraren aitzinetik.
Hasi eta berehala Otsondoko mendatea igan behar izan zuten txirrindulariek, eta honen ondotik sortu zen lehen ihesaldia Louis Meintjesek (IWA), Quinten Hermansek (ADC) eta Filippo Concak (Q36) osatua. Euskaltelek ez zion talde honi ihes egiten utzi nahi eta lanean jarri zituen guztiak horiek harrapatzeko asmotan, baita lortu ere. Azkenean bertze talde batek egin zuen ihesaldi saiaketa eta honek bai distantzia hartu zuen tropelarekin: Tom Paquot (IWA), Alan Jousseaume (TEN), Eric Fagundez (BBH) eta James Fouche (EUS). Lau txirrindulari hauek 3´30´´ko gehienezko tartea lortu zuten.
Altsasuko helmugatik lehen aldiz igarotzean, ihesaldiko gizonek lehiatu zuten tarteko sprint-a. Orduz geroztik, tropela lanean hasi zen, erritmo handituz, eta lasterketa buruaren errenta murriztuz. UAE Team Emirates, Ineos Grenadiers eta Bora-Hansgrohe taldeen lanarekin, poliki-poliki aitzineko txirrindulariek abantaila ttikitzen joan zen eta helmugarako 42 kilometro falta zirenean, tropelak aurreko lau gizonak irentsi zituen. Erritmoa bizia izaten segitu zuen, etapa lehiatu nahi zutenek aitzinean egon nahi zutelako. Mugimendu horiek erorikoa eragin zuten, Olaberriako sarrerako bihurgune batean, eta Primoz Roglic liderra bera bertan gelditu zen. Taldea berehala antolatu eta Roglic aitzinera eramateko lanetan jarri zen, nahiz eta bi minutu galdu zituen bertan. 25 kilometro falta zirenean, tropelarekin bat egin zuen liderrak.
Lizarrustiko mendatea igan zutenean, tropela murrizten joan zen, eta Louis Meintjesek aukera aprobetxatu eta erasora jo zuen mendiko puntuak batzeko asmoz. Azken kilometrotan bertze eroriko bat egon zen, baina helmugarako bidean 3 kilometro soilik falta zirenez, bertan zeuden txirrindulariek irabazlearen denbora bera eskuratu zuten. Sprintean Alex Aranburuk jo zuen erasoa azken metrotan, baina indarra falta izan zitzaion eta azkenik, Quinten Hermansek eraman zuen garaipena Altsasun.
Primoz Roglicek lortu zuen maillot horia mantentzea, baita eguneko txirrindulari borrokolariena izatea ere. Bertze sailkapenetan aldaketak egon ziren. Quinten Hermans da orain puntukako sailkapeneko liderra eta Louis Meintjes mendikoarena. Juan Ayuso gazte onena izaten segitzen du eta euskaldunen sailkapenean Pello Bilbao mantentzen da lidergotzan.
Laugarren etapa Etxarri Aranatzetik Legutiora
Gaurko etapa, apirilaren 4koa, Etxarri Aranatzen hasiko da 13:28 aldera. 159 kilometroren ondotik, Legutiora ailegatuko da tropela. Tartean, bigarren mailako Opakua, eta hirugarren mailako Olaeta, Untzilla eta Leintz Gatzaga gainditu beharko dituzte txirrindulariek.
(Argazkia: Naike Foto Sport)
Hemen Txirrindulariak webguneak egindako atzoko etaparen bideo-laburpena: