Puntu bat bildu du Real Unionek Zubietan

2016/09/04
Puntu bat bildu du Real Unionek Zubietan

REAL SOCIEDAD B: Sisniega, Odriozola, Lapeña, Le Normand (Ugarte, 46'), Kevin Rodrigues, Zubeldia, Guridi, Muguruza (Olaizola, 90'), Sangalli (Sanz, 61'), Merquelanz, Bautista.

REAL UNION: Tena, Gorosabel (Azkoiti, 68'), Sagastibeltza, Esnaola, Urkizu, Ekhi, Martins, Ozkoidi, Juan Domínguez (Alonso, 74'), Hernáez (Mujika, 63'), Galán.

GOLAK: 0-1: Galán (49'). 1-1: Merquelanz (81').

EPAILEA: Herrero Arenas. Txartel horiak: Normand eta Ugarte (Real Sociedad B); Ekhi eta Gorosabel (Real Union).

Garaipena gertu izan du Real Unionek, Real Sociedad Bri Zubietan egin dion bisitan. Azken txanpan jaso du banakoa, eta horregatik gelditu zaio zapore gazi-gozoa. Neurketa txukuna egin du, hala ere, Unionek, eta lehen zatian, jada, abantaila hartzeko aukerak izan ditu. Argiena, Galanek 12.minutuan izan duena. Ekhiren pase luzea jaso ondoren, atezainaren aurrean geratu da, bakarrik, baina huts egin du errematean. Gorosabelek ere ez du azken erabakian asmatu, 37.ean Ekhiren paseak egoera bikainean utzi duenean. Atsedenaldiaren aurretik, Sansek eman du abisua, Bautistak abagune ederra izan baitu, buruz.

Aldagelatik bueltan, aldiz, txuribeltzek eman dute kolpea. Galanek Juan Domínguezen pasea jaso du, eta eskuinez gurutzatu du baloia, sarera. Denborak aurrera egin ahala, Asier Santanak abantailari eustera bideratutako aldaketak egin ditu, baina Unionek ezin izan du berdinketa ekidin. Esnaolak atepean atera du, lehenengo, Bautistaren errematea, 77.ean. Lau minutu beranduago, Merquelanz irundarrak banakoa sartu du, ezker hegalean Azkoitiri ihes egin ondoren. Azken minutuetan txuri-urdinek gehiago estutu dute, baina puntu bana eraman dute taldeek.