Puntu bana lortu dute Hondarribiak eta Real Union Bk
Haien neurketak berdindu dituzte asteburuan Ohorezko Erregionaleko talde bidasoarrek. Hondarribiarentzat laugarren berdinketa izan da segidan. Oraingoan, 0-0 egin dute berdeek Ordiziaren aurka, Hondartza futbol zelaian. Denboraldi osoan lehen aldiz, golik sartu gabe amaitu du partida Hondarribiak. Sailkapenaren erdian dago Mikel Llorenteren taldea, bederatzigarren postuan, 29 punturekin. Andoainen ariko da larunbatean, Euskaldunaren kontra (17:45).
Real Union Bk 1-1 berdindu du Oiartzunen kontra, Stadium Galen. Hala ere, sailkapenaren lehen postuetako talde gehienek huts egin dute. Seigarren postuan dago filiala, baina bi gehiago ditu orain hirugarren dagoen Mutrikuk. Txuribeltzek Hernani hartuko dute larunbatean 15:30etan Galen. Puntu bakar bat gehiago du aurkariak.