“PRESTATUAGOAK GAUDE, JUBENIL MAILATIK NESKA ASKO IGO DIRA ETA TALDEA INDARTU DUTE”
2021/06/11
Hilabete baino gutxiago geratzen da Euskotren Liga hasi eta egungo emakumezkoen lau traineru onenen dema hasteko. Lau horien artean, Hondarribia Arraun Elkartea aurkitzen da. Azken urteetan Euskotren Ligako plaza playoffetako lehian ziurtatu ostean, jauzi bat eman eta hirugarren postutik gertu geratzea dute helburu. Hori eta emakumezkoen arraunak eman duen jauzi kualitatiboa hizpide izan ditu Ane Bayok.Hilabete baino gutxiago geratzen da Euskotren Liga has dadin. Zer moduz iristen da taldea? Aurreko denboraldietan baino prestatuago?Bai, nik uste prestatuagoak gaudela. Jubenil mailatik neska asko igo dira eta horrek taldea indartu du. Indartu garela sumatu dugu eta horrek ere denboraldiari begira konfiantza handitzen digu. Taldekideen artean, gure buruak indartsu ikusten ditugu.Horrek esan nahi du zuen artean lehia handiagoa izango dela. Lehaik mesede egiten al du?Lehia handia dago eta eskertzekoa da. Igo diren jubenilak arraunean aritzeko oso indartsu eta gose handiarekin datozte eta traineruan urte gehiago daramatzagun arraunlarioi estutzen ari gaituzte. Oso ondo entrenatzen ari dira eta horrek taldeari mesede egiten dio. Azkenean, guztiok jokatuko ditugu estropadak, jakin behar dugu taldea osatzen dugula eta kanpoan zein traineru barruan egon, beti gure onena eman behar dugula.Lekeition jokatu berri duzuen banderan Donostiarratik gertu eta Arraun Lagunak baino bizkorrago bukatu zenuten estropada. Denboraldi-aurrearen zer nolako balorazioa egiten duzu?Azkeneko estropada honek sorpresa handia eragin zuen guregan. Aurretik eginiko jeitsieretan Arraun Lagunak oso fuerte zegoela uste genuen, baina Lekeitiko Banderan ikusi da gu ere Euskotren Ligako hiru traineruekin borrokan egon gaitezkeela. Denboraldiari dagokionez, Orio oso indartsu dagoenaren jabedun gara eta Donostiarra ere antzeko dabil. Guk ere borroka horretan egoteko aukerak ditugu, zergatik ez. Halere, hankak lurrean izan behar ditugu. Denboraldian zehar, itsasoak traineru bakoitza bere tokian jarriko ditu. Estropada guztietan, uretara atera eta barruan daramagun guztia eman behar dugu, ez dago besterik.Donostiarratik gertu ikusteak entrenatzeko lagungarria izango zaizue… Azken estropadak asko lagunduko digu hilabete honetako entrenamenduak eta txapelketak lehiatzerako orduan. Gure konfiantza eta autoestima handitu ditu. Oriorekin batera, Donostiarra Euskotren Liga irabazteko faboritoa da eta horietatik gertu denboraldi-aurreko estropadak bukatzeak behar genuen konfiantza puntua eman digu.Asteburu honetan Gipuzkoako Txapelketa jokatuko duzue Donostiako uretan. Eguraldi ona iragarri dutelarik, zein helbururekin bidaiatuko duzue Donostiara?Eguzkia aterako da eta hori berri ona da. Gure helburua ehuneko ehuna ematea da; hori egiten badugu, emaitzak iritsiko zaizkigu. Gu gure estropadan zentratu behar gara, gure estropada egiten saiatu behar dugu, baita arerioetatik gertu mantendu ere. Hori egitera aterako gara igandean.Aurreko urtearen antzera, Euskotren Ligako lehen bi jardunaldiak Galizian izango dira. Lehen bi estropada horietan emaitza onak eskuratzea garrantzitsua izango da?Bai, oso garrantzitsua da lehen bi estropadetan puntuak pilatzea. Azken denboraldietan gertatu izan zaigu, hirugarren postuan bukatu ditugu azken bi estropadak eta horrek ere konfiantza ematen dizu datozen estropadak beste modu batean ekiteko. Gero, ez genuen jakin lehen estropadetako sentsazio onei jarraipena ematen eta playoffetan bukatu genuen. Aurten, hirugarren postu horretan erregularrak izaten saiatuko gara.Bada, denboraldiko helburua Euskotren Liga hirugarren postuan bukatzea da? Hirugarren geratu eta playoffetako azken bi jardunaldiak lasaiak balira, helburua beteta egongo litzatekeela esango genuke. Gure helburu nagusia playoffak saihestea dira, baina ezin bada, playoffa irabazi beharko dugu, beste behin. Arraun Lagunak oso indartsu dabil, Orio ere eta Donostiarrak fitxaketa ugari eta onak egin ditu. Horien aurka lehiatu beharko gara eta gure onena emango dugu.Orokorrean, emakumezkoen arraunak jauzi kualitatiboa eman du azken urteetan. Horregatik ere, playoffak gero eta zailagoak bihurtzen dira:ETE Ligako traineruak ere oso sendo nabaritzen ditugu aurten. Tolosaldea da gure aurkari zuzenena eta jeitsieratan nahiz Lekeitiko Banderan oso ondo aritu zen. Hibaikak ere denboraldi-aurrean zehar emaitza onak pilatu ditu, San Juan arriskutsua izan daiteke…Maila altua da; horregatik, playoffak ekiditen saiatu behar dugu.