PREST DU REAL UNIONEK UDAKO KANPUSA
2010 eta 2014 urteen artean jaiotako haurrek hartu ahalko dute parte bertan
Real Unionek, bertze urte batez, prest du aurtengo Udako Kanpusa. 2010 eta 2014 urteen artean jaiotako haurrei zuzendutako jarduera izanen da, eta ohiko helburuak izanen ditu: eskualdeko haurrei, futbolaren bitartez, jarduera fisikoa egiteko lekua eskaini, baita ongi pasatzeko espazioa ere.
Uztaileko lau asteetan ospatuko da Real Uniongo Udako Kanpusa: lehen astea, 4tik 7ra; bigarren astea, 10etik 14ra; hirugarren astea 17tik 21era; eta laugarren astea, 24tik 28ra. Haurrek erabaki dezakete zenbat astez parte hartu nahi duten jardueran. Futbolaz gozatzeko aukera izateaz gain, asteetan zehar bertze hainbat ekintza eginen dituzte gazteek, hala nola, txangoak, hondartzara irteerak, hitzaldiak, proiekzioak eta jolasak. Goizeko 9:00etatik 13:00etara izanen dira haurrak kanpusean eta zaintza zerbitzua egonen da baita ere, 8:30etik 9:00etara eta 13:00etatik 13:30era.
Kanpusean aste batez soilik parte hartu nahi bada, 75 euro ordaindu beharko dira. Bi astez egon nahi badute, 135 euro ordaindu beharko dituzte. Hiru aste luzatu nahi badute egonaldia, 175 euro, eta lau asteetan parte hartu nahi bada, 225 euro. Prezio honen barrenean, kamiseta, galtzak eta galtzerdiak sartuko dira (gehienez bi pare). Honez gain, autobusez eginen diren irteerak eta hamaiketakoak ere prezioaren barruan sartzen dira. Anai-arrebek, gainera, hamar euroko deskontua izanen dute astean (bigarrenetik aitzinera).
Izen-emateak irekiak daude dagoeneko eta klubaren webgunean egin beharko dira ekainaren 28a baino lehen (https://realunionclub.com/eu/udako- campusan/).