PORROTA ETXETIK KANPO HENDAIA BASKET BALLENTZAT
Hendaia Basket Balleko emakumezkoen taldeak denboraldiko lehen neurketan 53-48ko porrota jasan dute.
Hendaia Basket Ball taldeko emakumezkoen taldeak denboraldi berriari hasiera eman diote gaurkoan eta gutxigatik izan bada ere, ezin izan dute garaipen batekin ekin. Amouren aurka aritu dira Orthez ondoko herrian eta talde gazte zein dinamikoa izan dute aurrean.
Neurketa oso ondo hasi dute hendaiarrek, ohikoa duten joko azkarra ezarri dute kantxan eta saskiratzeak lortzeko jaurtiketa zein sarrera erosoak lortu dituzte. Neurketa osoan zehar aurretik izan dira markagailuan, hain zuzen, atsedenaldira puntu bateko abantailarekin iritsi da Hendaia Basket Ball.
Hala ere, hendaiarrek ezin izan dute markagailuko aldea areagotu eta Amour neurketa bereganatzen joan da. Markagailua estu zegoen, neurketa bukatzeko minutu gutxi falta ziren eta orduan iritsi dira hendaiarren akatsak. Baloi ugari galdu dituzte azken hiru minutuetan, agian, arazoaren arrazoia Hendaia Basket Ballen errotazioan aurkitzen zen, aldaketa gutxi izan dituzte gaurko neurketan. Beherakada handia izan da Hendaia Basket Ballena eta garesti ordaindu dute.
Neurketa 5 puntuko aldeaz bukatu dute (53-48), baina orokorrean, taldearen sentsazioak onak izan dira. Defentsan ondo aritu dira norgehiagoka osoan zehar eta neurketak irabazteko grina dutela erakutsi dute.