Porrot bana jaso zuen Txingudi Rugby Klubeko seniorrek asteburuan

2025/02/03
Biok Txingudik 45-5 galdu zuen Durangoren kontra eta Zaisa Txingudik berriz, 39-12ko markagailuarekin porrota jaso zuen Iruñaren kontra.
Porrot bana jaso zuen Txingudi Rugby Klubeko seniorrek asteburuan
Loren Mendibil

Txingudi Rugby Klubeko seniorrek ezin izan zuten punturik batu asteburuko jardunaldietan. Biok Txingudik 45-5ko emaitzarekin galdu zuen Durangoren kontra, nahiz eta lehen itzulian bidea irekita utzi garaipena eskuratzeko. Aurreko partiduetan bezala, mugako taldea entrenatutakoa erakusteko asmoz zelairatu zen Arripausuetan. Hala ere, aurkariak joko azkarra planteado zuen eta entsegu eraldatu baten ondotik, lehen zazpi puntuak lortu zituen. Txingudik modu eraginkorrean defendatu zuen, baina etxekoak bigarren entsegua egiteko gai izan ziren, 12-0ekoa eskuratuz. Lehen zatiko azken minutuetan gainera, bizkaitarrek aldea bikoiztu egin zuten, bi entsegu eraldaturen ondotik (26-0). 

Atsedenaldiren ondotik, mugakoak jokoan gailendu ziren. Durangoren erasoak gelditu eta lehen entsegua egitea lortu zuten ere, Leire Muñoz Caoren eskutik (26-5). Hala ere, etxekoen erritmoa handia zen eta hori mantentzea neketsua izan zen mugakoentzat. Durangok bere bostgarren marka erldatu eta 33-5ekoa jarri zuen. Horrez gain, Biok Txingudi jokalari bat gutiagorekin gelditu zen, Saioa Gartziak jasotako txartel horiarengatik. Honek zaildu zuen irundarren lana eta alderantziz, bi entsegu eta eraldaketa bat lortzea ahalbidetu zion Durangori, behin-betiko 45-5ko emaitza lortzeko. 

Honen ondotik, heldu den asteburuan, atsedenaldia izanen du Biok Txingudik. Lea Etxebarrieta jokalariak egin du azken partidu honen balorazioa. 

Zaisa Txingudik ere porrota jaso zuen Iruñean

Zaisa Txingudik Ligako talderik indartsuenetako bat bisitatu zuen pasa den larunbatean. Iruña taldearen kontra aritu ziren mugakoak eta aurreikusi bezala, neurketa zaila jokatu zuten, egin zituzten akatsei irtenbidea aurkitu gabe. Hasiera ona izan zuen Txingudik, defentsa lerroa ongi antolatuz eta plakajeak eginez. Hala ere, erasoan ez ziren fin ibili eta baloiak ere galdu zituzten lehen minutuetan. Iruñari ere kosta egin zitzaion partiduan sartzea, baina defentsa mugitzen jakin zuten entsegu-eremura ailegatuz eta 5-0ekoa ezarriz. Txingudi segidan saiatu zen emaitza iraultzen, baina akats batzuen ondorioz, etxekoek bi entsegu egin zituzten kontraeraso banatan (15-0). Atsedenaldira bidean ordea, entsegu eremutik hurbil zegoen zigor kolpe bat baliatu zuten mugakoek eta entsegua ailegatu zen Julen Iglesiasen bidez (15-5). Hala ere, Iruña azkar mugitu zen eta laugarren entsegua lortuta joan zen aldageletara (20-5). 

BIgarren zatian, Iruñak intentsitatea igo zuen eta Zaisa Txingudik bere horretan mantendu zuen jokoa. Nafarrek beraz, abantaila handitu zuten, hiru entsegu eta bi eraldaketa eginez, 39-5eko emaitza lortuta. Mugakoek ez zituzten besoak jeitsi eta zaila zen arren, saiatzen segitu zuten. Bederatzi fase kateaturen ondotik, Joao Costak bigarren entsegua lortu zuen hagen artean eta “Lutxo” Echeverriak eraldaketa sartu zuen, behin-betiko 39-12ko emaitza ipiniz markagailuan. 

Honen ondotik, Zaisa Txingudi Plaiaundira bueltatuko da heldu den asteburuan, eta bertan jasoko du Gaztedi B taldea. 

14 urtez azpiko taldea izan zen garaipena lortu zuen bakarra

14 urtez azpiko Txingudi/Orereta/Baztan taldeak 34-10 garaitu zuen La Unica Plaiaundin, Gipuzkoako Ligako bigarren fasearen lehen jardunaldian.

Euskadiko 16 urtez azpiko selekzioa Madrilen kontra

Mattin Petrikorena Txingudiko 16 urtez azpiko jokalariak 20 minutu jokatu zituen asteburuan, Euskadik Madrilen kontra jokatutako partiduan. 24-23 galdu zuen Euskadik.