PLENTZIAKO TRAMITEA GAINDITUTA

2019/02/13
Uribeladearen aurka jokatutako neurketan beharrezkoak zituzten bost puntuak eskuratu zituzten, garaipena gehi erasoko bonusa
PLENTZIAKO TRAMITEA GAINDITUTA
Uribealdea 15
50 Zaisa Txingudi Rugby Club

Norgehiagokaren hasieran bidasoatarrak izan ziren nagusi, meleak eta eskura bidalitako baloiak bereganatu zituzten. Horrela, laugarren minutuan touch bat irabazi eta gero, partiduko lehen entsegua iritsi zen Zaisa Txingudi Rugby Klubarentzat (0-7).

Uribeladeak lehen zatiak aukera gutxi izan zituen tantuak eskuratzeko, baina horietako batean, zigor kolpe baten bitartez hamargarren minutuan 3-7koa ezarri zuten. Hala ere, lehen zatian Zaisa Txingudi Rugby Kluba izan zen jaun eta jabe eta zigo kolpearen ondoren, 13.minutuan neurketako bigarren entsegua lortu zuten (3-12).

18.minutuan, bidasoatarrek touch bat lapurtu zuten Uribealdeari eta kontraerasoan bizkaitarren defentsa gainditu eta 14 puntuko aldea ezarri zuen markagailuan (3-17). Mele bat irabazi ondotik, Zaisa Txingudi Rugby Klubak jokaldia bikain trenkatu zuen eta lehen zatiko laugarren entsegua lortuta, erasoko bonusa eskuratu zuten (3-22).

Gosea zuten bidasoatarrek eta puntu gehiago lortzeko lanean jarraitu zuten. Berriro ere mele bat garaitu ostean, beste jokaldi polit bat trenkatu zuten bostgarrenez plentziarren defentsa ganditzeko eta markagailuan tartea areagotzeko (3-29). Atsedenaldia iristear zela, 39.minutuan, lehen zatiko azken entsegua iritsi zen eta 3-36ko markagailuarekin lehen zatia bukatu zen, oso lan borobila osatuz.

Bigarren zatian etxeko taldea hobeto kokatu zen zelaian eta aukera gehiago izan zituen bidasoatarren defentsa erasotzeko. Lehen zatian egindako lan eskergak eragina izan zuen Zaisa Txingudi Rugby Klubaren jokalarietan eta martxa bat jeitsi behar izan zuten. Horrela, 45.minutuan Uribealdeak neurketa lehen entsegua gauzatu zuen (8-36).

Entseguaren ondorengo minutuak bigarren zatiko onenak izan ziren Zaisa Txingudi Rugby Klubarentzat. Presio handia ezarri zioten Uribealdeari eta jokoa plentziarren zonaldean jokatzea lortu zuten. Presioaren bitartez, touch bat lapurtu zuten bidasoatarrek eta defentsa kokatu gabe zelarik, entsegua lortu zuten (8-43).

Uribealdeak ondo lantzen duen alderdietako bat maul formakuntza da eta Zaisa Txingudi Klubak ondo defendatzen duen arren, ezin izan zuen 56.minutuan Uribealdearen maula gelditu eta entseguan bukatu zen jokaldia (15-43). Hurrengo minutuetan, bidasoatarrek zigor kolpe asko egin zituzten eta Uribealdeari markagailuan hurbiltzeko aukerak eskeini zioten, baina defentsako lana bikain burututa, geratzen ziren minutuetan ez zuten puntu gehiagorik eskuratu.

Bai ordea Zaisa Txingudi Rugby Klubak, 79.minutuan 22ko zonaldean baloi bat lapurtu zuten eta zelai osoa zehar korrika egin eta gero, azken 15-50ekoa jarri zuten markagailuan. Zaisa Txingudi Rugby Clubak norgehiagokako helburua bete zuen, garaipena eta erasoko bonusa, bost puntu lortzea alegia.

Bidasoatarren hurrengo neurketa Funesen aurka jokatuko du Plaiandun arratsaldeko 16:00tan. Zornotzak bonus puntuekin irabazten jarraitzen du, beraz, Zaisa Txingudi Rugby Klubak beste behin bost puntu eskuratu beharko dituzte.