PILOTARIEK MATERIALA AUKERATU DUTE BIHARKO PARTIDARAKO
Elezkano II-Zabaleta bikotea Laso-Imaz-en aurka arituko dira bihar Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuan
Atzo ospatu zen, Hendaiako Daniel Ugarte frontoian, biharko partidarako materiał hautaketa. Bixintxo besten harira, pilota partiden hitzordua berreskuratzea lortu dute eta bihar ospatuko da, Elezkano II-Zabaleta eta Laso-Imaz bikoteen arteko norgehiagoka ekitaldi nagusia izanda.
Daniel Ugarte pilotalekuak ia sarrera guztiak saldu ditu jada, Bixintxo besten ekitaldien barruan ospatuko den pilota partidak ikusteko. Lehendabizi, Salaberria-Erostarbe eta Larrazabal-Salaverri promozioko partida jokatuko da, eta ondoren, Elezkano II-Zabaleta eta Laso-Imaz bikoteen arteko hitzordu nagusia izango da. Azken hauek atzo hurbildu ziren Hendaiako pilotarekura biharko materiala aukeratzeko asmoarekin. Pilotariek azaldu zutenez, frontoiko ezker pareta azkarra da eta honek atzelarien jokoa zailtzea ekarriko du. Horrela onartu zuen Ander Imazek berak ere: “Ohituta gauden frontoiak baino azkarragoa da hau. Azkenean, atzelarientzat zailago da lan egitea, pilota oso azkar etorriko baita”. Hala ere, galtzeko aitzakirik ez dela izango ere gaineratu zuen: “Frontoi ona da bestela eta ez dugu aitzakirik izango, gure helburua partida ona egin eta, ahal bada, irabaztea izango da”.
Bi bikote hauen artean partida gogorra eta zaila aurreikusten da, eta ez bakarrik pilotalekuaren baldintzengatik. Izan ere, Elezkano II-ak eta Zabaletak osatzen duten bikotea txapelketako liderra da, eta Zabaleta aurrean aritzeak partida biziagoa izatea egingo du. Hori ongi daki Unai Lasok, eta horrela azaldu zuen atzoko prentsaren aurrean: “Lehenengo postuan daude eta bikote gogorrenetakoa da. Gainera, Zabaletak ikaragarri emango dio pilotari frontoi honetan eta zaila izango da”. Hala ere, Lasori oroitzapen onak ekarri zizkion Hendaiako pilotalekuak, izan ere, pandemiaren aurretik jokatutako azken partida bertan izan zen. Orduan Albisurekin egin zuen bikote eta Irribarriaren aurka aritu ziren. Lasok berak aipatu zuen moduan, “duela hiru urte partida ona egin genuen hemen. Frontoi ona da niretzako, aurrean tanto onak egiteko”. Imazek ere Lasok aurrean jarri dezakeen erritmoa azpimarratu zuen: “Unaiek ere izango du erritmoa jartzeko aukera eta hori bilatuko dugu”.
Materialaren aukeraketa eginda, pilotariak prest daude bihar Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuan, arratsaldeko 20etan, ospatuko den hitzordurako. Nahiz eta eserleku gehienak beteta dauden, oraindik bada sarrerak eskuratzeko aukera. Horretarako, 0687 53 73 13 telefonora deitu beharko da (hegoaldetik 0033 aurretik gehituz) edo endaiarrak.euskalpilota@orange.fr email-era idatzi. Sarrerak 20 euroan lortu daitezke, Hendaiako Herriko Etxeko dirulaguntzari esker.