PEDRO PACHECO: `NIRETZAT LEKU PERFEKTUA DA ARTALEKU´

2023/01/05
PEDRO PACHECO: `NIRETZAT LEKU PERFEKTUA DA ARTALEKU´

Brasildarra, Gorka Wambarekin batera, prentsaren aurrean agertu zen atzo Bidasoako jokalari moduan

Pedro Pacheco jokalari brasildarra Bidasoako partaide da dagoeneko. Mediku-azterketa pasatu ondotik, prest dago erdilaria Artalekun jokatzeko eta denboraldiko bigarren itzuliari ekiteko. Gorka Wamba Arlo Profesionaleko batzarkidearekin batera aurkeztu zuten atzo arratsaldean Pacheco eta hemendik aitzinera berarekin eginen duten lana jakitera eman zuten.

Gorka Wamba Arlo Profesionaleko batzarkideak aurkeztu zuen atzo arratsaldean prentsaren aurrean Pedro Pacheco jokalari brasildarra. Berak adierazi zuen moduan, “fitxaje oso garrantzitsua izanen da Pacheco” Bidasoarentzat, bai taldearentzat eta baita klubarentzat ere. Wambak azaldu zuenez, “orain dela hilabete batzuk Jon Azkuek denboraldi bukaeran taldea utziko duela konfimartu zigun eta hortik aitzinera, gure lana bera ordezkatuko duen jokalari bat bilatzea izan da”. Bilaketa egin ondotik, zuzendaritza taldeak Pedro Pacheco begiz jo zuen eta berarekin bi denboraldirako akordio bat sinatzeko harremanetan jarri zen.

Edonola ere, azken asteetan, Pedro Pachecoren fitxaketa aurreratzeko aukera ireki zitzaion Bidasoari eta hau aprobetxatzeko erabakia hartu zuen klubak: “Fitxaketa aurreratu ahal izan dugu azkenean eta urtarriletik aitzinera Pacheco gurekin lanean hasteko aukera aprobetxatu dugu. Horrela, denbora gehiago izanen dugu berarekin lan egiteko eta gure jokora egokitzeko. Gainera, bigarren itzulirako baliagarria izanen zaigu bere fitxaketa ere”.

Bertze aldetik, Pedro Pacheco ere oso pozik azaldu zen aldaketa honekin. Jokalari brasildarrarentzat Bidasoan egoteak “bilakaera handia” izanen da bere ibilbidearentzat. Izan ere, “joku taktikoan asko hobetzeko aukera izanen dut eta nik ere, ahal duten heinean, taldea lagundu ahal izanen dut”. Akordioa sinatu aitzinetik, Matheusekin hitz egiteko aukera izan zuela ere argitu zuen eta berak talde irundarrean egotearen “onurak bakarrik” kontatu zizkiola erran zuen. Gainera, Artalekun jokatzea “aukera handia” izanen dela ere onartu zuen, “bisitari bezala bertan jokatzea zaila” bada ere, Pachecorentzat “leku perfektua izanen dela” azpimarratu zuen.