Pedro Fuentes Bidasoa-Iruneko jokalaria: “Argi daukat nire lehentasuna ondo osatzea dela”

2020/01/01
Pedro Fuentes Bidasoa-Iruneko jokalaria: “Argi daukat nire lehentasuna ondo osatzea dela”

Etxean dago jada Pedro Fuentes Bidasoa-Irun eskubaloi taldeko jokalaria, Manzanares herrian, Ciudad Realen. Belaunezurreko tendoia hautsi zuen otsailaren 15ean, Bidasoak Algemesín jokatu zuen partidan. Mugimendu arrunt batek ondorio latza izan du, eta bost edo sei hilabeteko epea beharko du Fuentesek osatzeko. Denboraldi honetan, behintzat, ez du berriro Bidasoaren elastikoa jantziko.

- Zergatik erabaki duzu Manzanaresera itzultzea?
Lehen hiru asteetan atsedena hartzeko agindu didate, ezin dut mugimendurik egin. Irunen bakarrik nengoenez, etxera etortzea erabaki dut, neskaren eta gurasoen laguntzarekin eramangarriagoa izango delakoan. Medikuak berak ere, zentzuzkoena zela esan zidan. Errehabilitazio lanarekin hasteko itzuliko naiz Irunera.
- Ez al da gogorra izango horren urrutitik taldearen emaitzak jarraitzea?
Bai, zalantzarik gabe. Baina gogorrena da kantxan lehiatzen ez egotea. Partida bereziak datoz, taldeak norabide ona darama, eta bigarren itzulia zirraragarria izan daiteke. Nik ezin izango dut pistan lagundu, eta inpotentzia handia sentitzen dut. Dena den, oso argi daukat nire lehentasuna ondo osatzea dela.
- Izan al duzu lehenago lesio larririk? Zer gomendatu dizute?
Belauna bihurritu izan dut, baina hiru asteko kontua da hori. Oraingoan, pazientzia handia izateko esan didate. Gainera, ni gaixo txarra izan ohi naiz normalean. Garrantzitsuena lesioa erabat sendatzea dela azpimarratu didate, etorkizunean berriro ez hausteko edo bestelako ondoriorik ez izateko.
- Belaunezurreko tendoia hautsita, baina oinez irten zinen Algemesíko kantxatik.
Min handirik ez neukanez, oinez atera nintzen. Patxi Farea fisioterapeutak esan zidan belaunezurra lekuz kanpo izango nuela. Baina medikuak segituan ikusi zuen tendoia hautsita neukala. Nik ez nekien zenbat denboratarako lesioa izan zitekeen, eta igoera fasea jokatzeko prest egongo nintzen galdetu nion medikuari. Ideia burutik kentzeko erantzun zidan.

- Ezaugarri bereziko pibotea zara. Taldeak zure lanaren falta nabarituko duela uste duzu?
Ezaugarriena egia da. Lekua ondo finka-zen dut, hutsuneak irekitzen ditut, eta defentsarentzat pibote deserosoa naiz. Zaila da beste jokalari mota batekin lan hori ordeztea. Baina taldekideek kalitate handia dute, badituzte beste baliabide batzuk. Nire hutsunea ahalik eta gutxien nabari dadin lan egingo dute.
- Zer nolako etorkizuna ikusten diozu Bidasoari? Play off-ean sartuko al da?
Baietz esango nuke. Lehen itzulia kaskarra izan zen, baina bigarrenean ondo ari gara. Taldeak estropezu egingo du noizean behin, hori saihestezina da. Hala ere, eragozpen bakoitzaren ondoren altxatu egingo da, eta azkenean helburua beteko duela uste dut.
- Ez dakigu elastiko horia berriro jantziko duzun. Oraingoz, zein da Bidasoa-Irunen egin duzun denboraldiaren balorazioa?
Kirol arloan, ez dut uste ehuneko ehun eman dudanik. Partida onak egin ditut, baina txarrak ere bai. Behin ere ez dut kantxa erabat asebeteta utzi. Arantza txiki hori geratu zait. Gainerakoan, oso gustura ibili naiz Irunen, taldekideei eta zuzendaritzari dagokienez inolako kexarik ez dut. Eskertzekoa izan da jaso dudan tratua.