PATXI VILA KLASIKOA OSPATUKO DA IGANDEAN HONDARRIBIAN
Goizeko 8:00etan hasiko da, Hondarribiako hondartzatik, 107 kilometroko lasterketa
Hondarribian bizikletaren inguruko festa ospatuko dute asteburu honetan. Hitzordu nagusia Patxi Vila klasikoa izanen da, igandean (urriak 16) ospatuko dena, baina horren aitzinetik, larunbatean, hitzaldi bat egonen da Hondarribiako Kultur Etxean. Bertan, Pedro Horrillo, Joseba Beloki eta Patxi Vila bera egonen dira txirrindularitzaren inguruan solasean.
Patxi Vila martxa berreskuratzeko asmotan, igande honetarako Patxi Vila Klasikoa antolatu dute Hondarribian. Lasterketa zikloturista da eta 107 kilometroko ibilbidea eta 2.283 metroko desnibela izanen du. Ibilbidea ez dela “samurra” izanen aipatu zuten antolatzaileek atzoko aurkezpenean. Izan ere, goizeko 8:00etan emanen diote hasiera martxari Hondarribiako hondartzatik eta hortik, Bortzirietatik barrena, Agiña eta Aritxulegi igoko dituzte txirrindulariek. Castillo del Ingles mendatea zeharkatu ondotik, Oreretatik, Pasaiara eta Lezora joanen da lasterketa, handik Jaizkibel igo eta berriz ere Hondarribiako hondartzan helmugaratzeko.
Lasterketa hasi aitzinetik, gainera, antolatzaileek omenaldia eginen diote Hondarribiako Jon lagun eta txirrindulari ohiari. Behin irteera aginduta, lehen kilometroak Emakumeak errepidean ekimenak gidatuko ditu, “emakumeen ahalduntzea helburu” duen proiektua bultzatzeko asmotan. Hain zuzen ere, Borja Agotek jakinarazi zuen moduan, oraingoz inskribapenen %25a emakumeak dira eta espero dute kopuru hori handiagoa izatea iganderako. Izen-emateak bihar (urriak 13) bitarte egonen dira irekita, www.vilabira.com webgunean.
Hitzaldia Hondarribiako Kultur Etxean
Igandeko hitzordu nagusiaren aurretik, larunbatean (urriak 15) hitzaldi bat antolatu dute Hondarribiako Kultur Etxean. Bertan, Pedro Horrillo, Joseba Beloki eta Patxi Vila bera egonen dira txirrindularitzaren inguruan hizketan, Laura Meseguer Eurosport-eko kazetaria moderatzaile gisa izanen dutela. Vilak aipatu zuen moduan, orandik konfirmatu gabe dute baina Chente Garcia eta Ane Santesteban bertan egoteko aukera ere egon daiteke. Ideia “etorkizunean gauza gehiago egitea eta asteburu hau bizikletaren inguruko festa handia bilakatzea da”, Patxi Vilak aurreratu zuenez.