PATRICIO ARABOLAZAREN ERRALDOIA EGIN DU ONDARE ELKARTEAK

2023/04/05
PATRICIO ARABOLAZAREN ERRALDOIA EGIN DU ONDARE ELKARTEAK

Irungo Udalak, Ondare Kultur Elkarteak, Real Unionek eta Real Uniongo Beteranoen Elkarteak elkarlanean sortu dute jokalari txuribeltz ohiaren irudia

Irungo Udalak, Ondare Kultur Elkarteak, Real Unionek eta Real Uniongo Beteranoen Elkarteak, elkarrekin, Patricio Arabolazaren irudia duen erraldoi berria aurkeztu zuten atzo arratsaldean Irungo San Juan plazan. 2020an hasi zuten proiektu honi bukaera eman diote eta, hemendik aitzinera, klub txuribeltzaren historiaren zati bat irudikatzen duen erraldoia izanen dute Irungo Udalean.

Real Unionek eta Real Uniongo Beteranoen Elkarteak 2020an hasi zuten erraldoiaren proiektu hau. Klub txuribeltzaren historia irudikatuko zuen erraldoia edukitzeko nahia adierazi zuten bi taldeek eta Ondare Kultur Elkarteari helarazi zioten desioa. Hauek Patricio Arabolazaren familiarekin harremanetan jarri, eta euren oniritziarekin, Irungo Udalaren laguntzaren eske joan ziren. Behin udalak proiektua aitzinera eramateko beharrezko finantziazioa onartuta, lanean hasi ziren aurrelari txuribeltz ohiaren irudia egiten.

Imanol Urabayen eta Christian Azcona izan dira erraldoia eraiki duten bi artistak. Iruñeako Eskuartean Imagineria Festiva tailerrean sortu dute Arabolazaren irudia eta 45 kg inguruko pisua duen eta 3,60 metro neurtzen dituen erraldoia egin dute. Soinean daraman arropa berriz, Fermin Teruelek diseinatu du, XX. mendearen hasieran Real Unionek zuen ekipazioa kontuan harturik. Erraldoiak, gainera, garai hartan erabiltzen zuten larruzko baloi bat ere darama.

Iñigo Mangas Ondare Kultur Elkarteko presidenteak adierazi duenez, “gure erraldoien familia txikia pixkanaka hazten ari da. Honek gure elkartearen 15 zenbakia egiten du. Eta beti sorrerako helburu berarekin, hau da, gure hiriko tradizioei eta kulturari eustea Irungo historia kontatuz, pertsonaiak edo lanbideak birsortzen dituzten erraldoien bitartez”.

Igor Emery Real Uniongo Administrazio Kontseiluko lehendakariak ere klub txuribeltzarentzat sorkuntza honek duen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen: "Patricio Arabolaza gure klubeko letra larriz idatzitako historiaren parte da. Ziur gaude erraldoi honekin gazte gehiagok Real Unionen jatorria eta garai hartako futbola nolakoa zen ezagutzea lortuko dugula. Arabolazak ezin hobeto ordezkatzen du futbolarien belaunaldi oso bat, eta horiek gabe Real Union ez litzateke izanen gaur egun dena".

Arabolazaren familia ere pozik azaldu da egindakoarekin. Leire Arabolaza bilobaren hitzetan, "txikitatik kontatu dizkigute berari buruzko istorioak, haren arrakastei, jeinuari, bihurrikeriei eta alaitasunari buruzkoak. Real Unionek eta Ondarek erraldoi hau gure attonaren oroimenez sortzea aukeratu izana ez da guretzat harrotasun hutsa, baizik eta apur bat gehiago hurbiltzen gaitu, guri eta irundar guztioi. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiegu Real Unioni eta Ondareri ideia izan dutelako eta gauzatu dutelako, dauden argazki gutxietatik abiatuta hiru dimentsioko irudi bat sortzeko zailtasunak izan arren. Irungo kaleetan dantzan ikusteko irrikan gaude”.

Jose Antonio Santano Irungo alkateak "Irungo historiaren parte diren espazioak eta eraikinak berreskuratzen ari garen bezala, Real Union eta, kasu honetan, Patricio Arabolaza bezalako figura enblematiko bat ere ezagutu, gorde eta jendarteratu nahi dugun gure historia txiki handi horren parte dira. Erraldoi baten bidez egitea da gazteenengana iristeko modurik onena”, adierazi zuen.

Patricio Arabolaza

Patricio Arabolaza Aranburu (Irun, 1893ko martxoaren 17a - Irun, 1935eko martxoaren 12a) Irungo aurrelaria izan zen. Beti egon zen Irungo klubei lotuta: Irun FC taldean hasi zuen jokatzen eta 1909an Irungo Racing Cluben sartu zen, Ignacio anaiarekin batera. 1913an Espainiako Federazioak antolatutako Espainiako Kopako txapeldun izendatu ziren biak, finalean Athletic Clubi 1-0 irabazita. Lehen partidan berdinduta zeuden bi taldeak, 2-2, eta Patricio izan zen irundarren bi goletako baten egilea.

Irungo Real Unionen sartu zen 1915ean, Irungo bi taldeen batasunetik sortutako taldea: Racing bera eta Sporting. Patricio taldeko izarra izan zen hamarkada horren lehen erdian. Real Unionekin lau txapelketa erregional irabazteaz gain, 1918ko eta 1922ko Espainiako Kopako finaletara iritsi zen. 1918ko finalean Real Unionek Kopa irabazi zuen finalean Real Madrili 2-0 irabazita. 1922ko finalean, ordea, Bartzelonak 5-1 irabazi zien irundarrei; Patriciok irundarren gola sartu eta Bartzelonako Surroca jokalariarekin nahastu zen partidan. Partidu hartako istiluek Patricio urtebetez bertan behera uztea eta Real Unionentzat garai hartako 500 pezetako isun gogorra eragin zuten.

Arabolaza 1923an erretiratu zen Donostiako Atotxa estadioan jokatu zen lagunarteko partida batean. Lortutako irabazietatik "burdindegi, loza, elektrizitate eta ehiza- gaien" establezimendu bat sortu zuen hirian. Erretiratu zenetik hil zen arte klubeko bokal eta kirol aholkularia izan zen.