PARTIDU GORABEHERATSUA IRABAZI ZUEN BIDASOAK LAST 16 FASEKO LEHEN JARDUNALDIAN
Norgehiagoka hogei minutuz gelditu behar izan zuten, kantxa irristakor zegoelako
Bidasoak ezin hobe hasi du European Leagueko Last 16 fasea. Sporting Clube de Portugal taldea 30-27ko markagailuarekin menderatu ahal izan zuen eta neurketa gorabeheratsu bat gainditzea ere lortu zuen. Tartean, portugaldarrek eskatuta eta epaileek ere horrela erabakita, partidua hogei minutuz geldirik egon zen, kantxako lurra irristakor zegoelako.
Lehen zatian berdintasuna izan zen nagusi bi taldeen artean. Lehen errenta Sporting Clube de Portugalena izan zen. 0-2ko markagailua ezarri zuen eta orduan, Jacobo Cuetara hutsartea eskatzera behartua izan zen. Entrenatzaileak taldeari indarra emateko aprobetxatu zuen minutu hori eta, geroztik, parekotasuna nabaria izan zen kantxan. Gehienez, gol bakarreko errenta lortu zuen aurkariak atsedenaldia bitarte, eta Bidasoak ere aunitzetan berdindu zuen emaitza.
Hamahirugarren minutuan iritsi zen neurketaren momentu polemikoa. Kantxako lurra irristakor zegoela salatu zuen talde portugaldarrak eta epaileek ere horrela iritzita, partidua gelditzea erabaki zuten. 13:51 minutua zen, eta arazoa konpondu bitarte, hogei minutuz egon zen norgehiagoka geldirik. Azkenik, zorua garbitu ondotik, neurketari berrekin zioten jokalariek eta atsedenaldira iritsi ziren, 11-12ko emaitzarekin.
Aldageletatik bueltan, sekulako indarrarekin kantxaratu ziren bidasotarrak. Lehen minutuetan eta, lehen aldiz, aitzinetik jarri ziren Cuetararen mutilak eta orduz geroztik, abantaila ezin murriztuz aritu ziren aurkariak. Bortz goleko errenta ere lortu zuten etxekoak (20-15, 43. minutuan), baina portugaldarrek erantzun azkarra izan zuten eta aldea hiru puntura txikitu zuten. Hala ere, erasoan fin ibili zen Bidasoa, baita defentsan ere, eta azkenik, 30-27ko emaitzarekin irabazi zuen partidua.
Artalekuko bertze gau magiko bat bizi izan zuten atzo bertara hurbildu ziren 1559 zaleek, baita jokalariek ere. Errenta gehiagorekin irabaztea posible zenaren sentsazioarekin bukatu zuten neurketa, baina pozik egindako lanarekin. Europako txapelketako final-zortzirenak garaipen batekin hasi dute Cuetararen mutilek eta beraz, hiru puntuko abantailarekin ekinen diote datorren astean (martxoaren 28an) Lisboan jokatuko dute itzulerako neurketari (19:45ean; 20:45ean Euskal Herrian).
(Argazkia: Edu Agreda)