ORIO ETA DONOSTIARRA “A” GARAILE HONDARRIBIKO JAITSIERAN
Hondarribiko trainerua bigarren postuan sailkatu zen gizonezkoen proban
Atzo arratsaldean Hondarribiko Arraun Elkarteak antolatuta, Hondarribiko XXII. Traineru Jaitsiera ospatu zen. Guztira 39 traineruk parte hartu zuten bertan, zazpi beteranoen mailan, hamar emakumezkoetan eta 22 gizonezkoetan. Azkenik, Fortuna izan zen garaile lehenengoetan, Orio emakumeetan eta Donostiarra “A” gizonezkoetan.
Aurten ere, estropadaren eremua udako ibilbide bera izan zen eta azkenean, gizonek hiru ziaboga egin behar izan zituzten eta emakumeek eta beteranoek bakarra. Itsasoaren egoerak arraunlariak baldintzatu zituen, izan ere, bi metroko olatuak zeuden eta 20 kilometro orduko iparraldeko haizea.
Arratsaldeko 16etan eman zioten hasiera probari, beteranoen lehiaketarekin. Maila honetan, Fortuna trainerua nagusitu zen 12:05,58 denborarekin. Atzetik, Zumaia-ko bi traineruak sailkatu ziren, 12:30,31 eta 12:47,70 denborekin hurrenez hurren.
Emakumeetan aldiz, Orio izan zen garaile 11:52,30etan proba amaituz. Bigarren postuan, Arraun Lagunak helmugaratu zen 19,87 segundo beranduago, eta hirugarren postuan, Donostiarra sailkatu zen. Azken hauek, irabazleak baino 36,75 segundo gehiago behar izan zituzten ibilbidea gauzatzeko.
Azkenik, gizonezkoen lehiaketan, Donostiarra “A” traineruak irabazi zuen 21:09,60 denborarekin. Hondarribia “A”-k eta Zierbenak osatu zuten podioa, 21:29,67 eta 21:38,67 denborekin hurrenez hurren.