Orekaren bila, kirolean
Emakumezkoen kirolari buruzko mahai-ingurua egin dute Amaian
Sexuen arteko desoreka agerikoa da kirolaren munduan. Kirol prentsa, edo bestelako hedabideek eskaintzen duten kirol informazioa gainbegiratzea besterik ez dago. Emakumezkoen kirolak jasotzen duen arreta eta trataera ezin daitezke gizonezkoenarekin konparatu. Komunikazioarena, ordea, kirol munduko berdintasun ezaren adarretako bat baino ez da. Gainerako aspektuak ere aztertu dituzte Gaurko Adreak emakumeen elkarteak Amaia Kultur Zentroan antolatutako mahai-inguruan.
Hamabi kontseilari daude Real Sociedad S.A.D.ko administrazio kontseiluan. Horietatik, bakarra da emakumezkoa. Nekane Soriak gizonezkoen artean egiten du lan. Hala ere, kluba berdintasun arloan erreferente dela baieztatu du: “Duela zazpi urte administrazio kontseiluan sartu ginenean, Reala desagertzeko arriskuan zegoen. Berehalako arrisku larri hori konpondu ondoren, beste arazo batzuei heldu genien. Horien artean, berdintasunaren gaia jorratu genuen”. Berdintasun Planaren hirugarren fasean dago jada Reala. Bidean, lorpen handiak erdietsi dituela azpimarratu du Soriak. Kontratuen gaia jarri du adibide: “Realeko emakumezkoen futbol taldeko jokalari guztiek kontratu profesionala dute”. Gizonezkoen 2.B Mailan, eta Bigarren Mailan ere, amateur kontratuak dituzte jokalari askok.
“Realeko emakumezkoen futbol taldeko jokalari guztiek kontratu profesionala dute”
Nekane Soria, Realeko kontseilaria
Emakumezkoetan, Lehen Mailan ere salbuespenak dira kontratu profesionalak dituzten neskak. “Espainiako Futbol Federazioan, emakumezkoen hogeita sei fitxa profesional daude. Hogeita bat Realekoak dira”, argitu du Nekane Soriak. Beste talde gehienetan, neskek soldata gutun azal baten barruan jasotzen dutela gaineratu du. Jasotzen baldin badute, jakina. Realeko neskek hegazkinean egiten dituzte bidaiarik luzeenak, eta gizonezkoen taldeak erabiltzen dituen autobus berdinetan, laburrenak. Nesken aurkariak, ordea, Extremaduratik eta Andaluziatik ere autobusean joaten dira Zubietaraino. Hotelik hartu gabe, autobusean egin behar izaten dute lo. Entrenamenduetarako, ordutegirik okerrenak uzten dizkiete neskei klub askotan. Realean, gizonezkoek eta emakumezkoek baldintza berdinak dituztela nabarmendu du Soriak: “Xabi Prietoren eta Nahikari Garciaren medikua berdina da”.
Realaren eredua gainerako klubetara hedatzeak mesede egingo lioke emakumezkoen futbolari. Horretarako, Espainiako Futbol Federazioaren babesa beharrezkoa dela uste du Nekane Soriak, emakumezkoen futbolak ere etekinak sor ditzan. “Telebista emankizunak, ligarako babesleak eta abar lortu behar dira”, adierazi du Realeko kontseilariak. Emakumezkoen futbolari esker klubek diru-sarrerak lortzea, nesken onerako izango litzatekeela pentsatzen du. Ez soldatei dagokienez bakarrik, futbol zelaien, instalazioen, garraioen eta bestelako baldintzen hobekuntzari begira ere bai. Soldatak pixkanaka parekatzen hastea ere urrats handia litzateke, amildegia baitago oraindik gizonezkoen eta emakumezkoen artean.
Amateurrak diren kiroletako egoera
Emakumezkoen kontratu profesionalez eta soldatez hitz egin daiteke futbolean, eta beste kirol gutxi batzuetan. Kluben eta herrialdeen arteko ezberdintasun handiekin, beti ere. Gainerako kirol gehienetan, ordea, zeharo ezberdina da egoera. Nekane Soriak ondoan izan dituen Nerea Sarriegi Super Amara BATeko atletak eta Olatz Zabala Santiagotarrak K.E.ko presidente eta piraguistak gogorarazi dute haien kiroletan amateurrak direla denak. Bai neskak, baita mutilak ere. “Goi mailan aritzen den jendeak bekak lortzen ditu, edo kirol marka handien babesak, bestela. Baina kontraturik ez dute izaten”, azaldu du Sarriegik. Piraguismoan ere, egoera antzekoa dela baieztatu du Zabalak: “Kontraturik ez dugu, eta diru-laguntzak gero eta gutxiago dira. Garai batean babes handiagoa zegoen, baina orain diru dezente jarri behar izaten dugu lehiaketetara joateko”.
Diru-sarrerei dagokienez, beraz, alderik ez dago atletismoan eta piraguismoan. Minimoak dira, gizonezkoen eta emakumezkoen kasuan. Horregatik, neurri handi batean, ez dago desorekarik sexuen artean, gainerako parametroei begiratuta ere. Instalazioen erabileran, baldintza berdinak dituzte emakumezkoek eta gizonezkoek. Txarrak Super Amara BATen kasuan, Plaiaundiko pisten egoeraren ondorioz, eta askoz hobeak Santiagotarrak K.E.ari dagokionez. Komunikabideek eskaintzen dieten arretari buruz hitz egiterakoan ere, argudio berdina erabili dute neskek. “Atletismoa oso gutxitan agertzen da, bai emakumezkoena, baita gizonezkoena ere. Hedabideetan agertu ohi diren kirolak aztertu behar genituzke: futbola, saskibaloia eta tenisa, adibidez”, aipatu du Nerea Sarriegik. Soriak gogorarazi du komunikazio enpresek saltzea dutela helburu, eta horregatik daudela halako desorekak. Dirua, berriro, berdintasun ezaren atzean.
“Bost urte daramatzat mutilekin entrenatzen”
Olatz Zabala, piraguista
Azken gai bat ere jorratu dute Amaiako mahai-inguruan. Txikitan kirola egiten duten nesken kopurua gero eta gehiago emendatzen ari bada ere, nerabezarotik aurrera klubetan jarraitzen duten neskak gutxi dira oraindik. Azalpen esanguratsua eman du Sarriegik: “Ni jubenil mailan joan nintzen lehen aldiz Espainiako Txapelketa batera. Garai hartan neska pila bat ginen. Hiru finalerdi izaten ziren, eta finalera pasatzea oso zaila izaten zen. Junior mailan, aldiz, finala egin behar izan genuen zuzenean”. Piraguismoan ere bilakaera antzekoa izaten dela berretsi du Zabalak: “Bost urte daramatzat mutilekin entrenatzen. Batzuetan gogorra izaten da, mutilentzat arrotza zarela sentitzen baituzu”. Kirolariaren bizitzaren gogortasuna eta entrenamenduak eta ikasketak uztartzearen zailtasuna nabarmendu ditu piraguistak. Nekane Soriak arrazoia eman dio, baina beste hausnarketa bat jarri du mahai gainean: “Gizonezko batek badaki goi mailara iristen bada, kirolaz bizi ahal izango duela. Horregatik, ikasketak alde batera uzteko apustua egin dezake. Emakume batek ikasketei eta lanari emango die beti lehentasuna”.