Onenen artean hasi da Hondarribia, banderarik gabe

2017/07/03
Onenen artean hasi da Hondarribia, banderarik gabe

Banderen lehian izango dela frogatu du Hondarribia Arraun Elkarteak, Eusko Label Ligako lehen lehiaketa asteburuan. Oraingoan, alabaina, ez du saririk eskuratu. Bigarren eta laugarren izan da, hurrenez hurren.

Larunbatean, aurreko denboraldiaren bidetik ekin zioten Urdaibaik eta Hondarribiak Eusko Label Ligari, Bilboko uretan. Lehia bizia eduki zuten bi ontziek, eta bi segundoko abantaila atera zion Bou Bizkaiak (19:25) Ama Guadalupekoari, Bilboko VIII. Bandera eskuratuz. Kaiku gelditu zen hirugarren, bermeotarrengandik hamalau segundora.

Orio laugarren izan zen larunbatean, baina igandean, erreferentzia nagusietako bat izango dela erakutsi zuen. Sestaoko XVI. Bandera irabazi zuen, estropadaren bigarren erdian nagusi izan ondoren (19:32). Tiran gelditu zen bigarren, lehen txandan aritu zen arren. Urdaibai hirugarren izan zen, eta lidergoari eutsi zion. Hondarribia podiumetik kanpo gelditu zen, laugarren, Oriorekiko zortzi segundo galduta. Orion eta Donostian izango ditu hurrengo hitzorduak Eusko Label Ligak.