ONDO BIDEAN, EZ DEZATELA ATZERA BEGIRATU

2021/01/15

Zailtasunekin hasi eta sendo bukatu du Real Unionek lehen itzulia. Atzean geratu dira, momentuz, iraganeko mamuak eta ilusioak gainezka larunbatean Ibaian denboraldiaren bigarren itzuliari ekingo du.

Golak egiteko zailtasunak, geldikako baloietan zituzten arazoak, berdinketa ugariak eta beste hainbat arazo lehen itzuliko azken neurketetan bideratu ditu Real Unionek. Lanaren errezetarekin eta atzera begiratu gabe, ondo bidean jarri da talde txuri-beltza eta bigarren itzulia hastear, multzoko talde lehiakorrenekin lehia betean sartu da. Egun, Aitor Zulaikak zuzentzen duen taldea sailkapeneko laugarrenak dira, Sanserekin batera 17 punturekin berdinduta.

Baina, emozioak ez gaitzala itsutu. Oraindik beste 11 jardunaldi geratzen zaizkio 2.B mailako lehen fase honi, 11 jardunalditan 2.mailarako igoera jokatzea, 2.B mailan lehiatzen jarraitzea edota 3.mailara ez jeistea erabakiko da. Aukera paregabe baten aurrean dago Real Union, azken urteetan taldeak berak ukatu diona bere buruari, 2.B mailako talde indartsu horretara bueltatu eta guztiarengatik lehiatzera. Gaur egun ere erantzukizun hori taldearen baitan dago, lehen itzulikoarekin konformatu ala erreferente izateagatik borrokatu.

Horregatik, zinez garrantzitsua da bihar Alaves B-ren aurka Ibaiako futbol zelaian jokatuko duen neurketan hasiera indartsua izatea. Iñaki Alonsok zuzentzen duen taldea denboraldi polita ari da gauzatzen; hain zuzen ere, lehen itzuliko norgehiagokan, babazorroak Real Unionen gainetik pasa eta 1-2 gailendu ziren. Talde konplikatua da, harrobikoa, erritmo handia ezartzen diona partidari eta horretara egokitu beharko da Real Unionen taldea. Alaves B-ren aurka izan ezik, Aitor Zulaikaren taldea ondo moldatu da aurten harrobiko taldeen aurka: Zubietan irabazi egin zuen eta Lezaman, liderraren etxean, merituzko berdinketa eskuratu zuen. Landutako taldea da Real Union, neurketetara egokitu eta sufritzen badakiena, horrela dela erakutsi dute azken neurketetan eta horrela izaten jarraitu beharko du aurtengo denboraldiko helburuak bete ditzaten.

Aitor Zulaikak argi du egindakoarekin taldea ezin dela konformatu, “jokoan eta taktikan hobetzeko proiekzioa du Real Unionek”. Hori bai, zailtasunak izango dituzte Ibaiako futbol artifizialeko zelaian azken jardunaldietan berdeguneetan erakusten ari diren jokoa aurrera eramateko, “jokoaren funtsa ez da aldatzen, baina zelai naturalean edota artifizialean jokatzea matiz desberdinak ditu; adibidez, baloiaren zirkulazioa, normalean, motelagoa izaten da”, adierazi du Aitor Zulaikak. Racingen aurkako garaipena ia disfrutatzeko betarik gabe prestatu dute Alaves B-ren aurkako neurketa, Zulaikak azaldu duenez, “Santanderretik bueltan Alaves B-ren aurkako neurketaren analisia egiten hasi ginen, ez dugu minutu bat galtzeko aukerarik izan”.

Thior, txuri-beltz. 

Atzo jakin izan genuen Zourdine Thior jokalariak Real Unioneko erasoa indartuko zuela. Azkar ibili da zuzendaritza taldea Sanseko jokalari bizkor ohia fitxatzerakoan, Aitor Zulaikaik fitxaketa eskertzean gain, oso pozik agertuda Zourdine Thior, berriz, bere taldean izateagatik. “Zourdinen fitxaketa oso positiboa da guretzat: alde batetik, Zubietan bizpahiru urtetan batera egon garelako, eta bestetik, zelai erditik gora izan ditugun min hartutako jokalariak ordezkatzeko jokalari aparta da”, goraipatu du Zulaikak. Gogoratu behar dugu, Zourdinen postuan, Guille Donosok min hartuta jarraitzen duela, Ekhi Bravok ezin izan duela entrenamendu bat bera ere gauzatu eta abenduan Javi Martinezek erretiroa hartu zuela.