OMENALDIEK ARTALEKUN ESKURATUTAKO GARAIPENA ESTALI ZUTEN

2023/06/05
OMENALDIEK ARTALEKUN ESKURATUTAKO GARAIPENA ESTALI ZUTEN
Bidasoa Irun 32
31 Angel Ximenez Puente Genil

Julen Aginagalde omentzeko baliatu zuen Bidasoak Puente Genilen kontrako garaipena

Bidasoak denboraldiko azken partidua jokatu zuen pasa den asteburuan Artalekun. Angel Ximenez Puente Genil 32-31ko markagailuarekin garaitzeaz gain, taldea uzten duten jokalariei omenaldia eskaintzeko baliatu zuten arratsaldea, batez ere, eskubaloi jokalari profesionala izateari utziko dion Julen Aginagalderi.

Emozioz beteriko arratsaldea bizitu zen pasa den larunbatean Artalekun. Angel Ximenez Puente Genil garaitzeaz gain, hainbat omenaldi eskaintzeko aprobetxatu zuten denboraldiko azken jardunaldia. Neurketaren aitzinetik, Jimenez doktoreari aitortza egin zioten kantxan, 35 denboraldi eman dituelako aurten Bidasoan lanean. Horren ondotik, denboraldiko azken partidua hasi zen. Etxeko taldea nagusi izan zen 60 minutuetan zehar, nahiz eta hurbiletik segitu zion aurkariak. Azkenean, 32-31ko markagailuarekin lortu zuen garaipena eta sailkapeneko laugarren postuan bukatu zuen urtea talde irundarrak.

48 partidu jokatuta, 2022/23ko denboraldiaren balorazioa egin zuen Bidasoak. Etxeko partida guztiak irabazi ditu aurten, bi izan ezik, eta laugarren postua ziurtatu zuen azken aurreko neurketan. Honekin, bertze urte batez, sailkapeneko goialdean mantentzen den taldea izaten segitzen du.

Neurketaren ondotik, aurten taldea utziko duten bost jokalariei agurra eskaini zieten, Artalekun zeuden 1.823 zaleek. Lehena Julen Aginagalderi, eskubaloi jokalari profesionala izateari utziko baitio eta klubeko kirol zuzendaria bilakatuko da denbora osoz. Bere ibilbidea aitortzeko, 13 zenbakidun kamiseta zintzilikatu zuten kantxan. Gainera, bertze zereginetan ibiliko den Ander Ugarteri, Limoges-era joanen den Jon Azkueri, Victor Rodriguezi eta Mihajlo Mitic-i ere omenaldia eskaini zieten.

Denboraldia bukatuta, oporrak hasi dituzte Artalekuko kantxan, baina ez Bidasoako bulegoetan. Dagoeneko heldu den denboraldiari begira jarri dira, taldea osatzeko eta Europako gonbidapen hori lortzen saiatzeko.

(Argazkia: Arrate Morales)