Ohorezko Mailara igotzeko aukera izango dute Super Amara BATeko neskek
Behin baino gehiagotan parte hartu dute Super Amara BATeko neskek Ohorezko Mailara igotzeko lehian. Baina aurtengoan, jauzia emateko aukera sorta handiarekin egingo dute. Ekainaren 13an izango da, Alcorconen. Lehen Mailako ligako lehen bi jardunaldietan, maila handia erakutsi dute bidasoarrek. Lehenengoan garaipena lortu zuten Durangon. Bigarrenean, Torrenten, puntu erdiko aldea besterik ez zion atera Alcorcón taldeak. Nabarmentzekoa da, hala ere, Teresa Errandonea min hartuta zegoela, eta ezin izan zuela ohiko probetan parte hartu. Pisu jaurtiketan lagundu zuen. Bost proba irabazi zituen BATek: Malen Ruiz de Azuak pertika jauzia, Clara Viñarasek 3.000m-ko lasterketa, Eneritz Bustok 100m hesietakoa, Teresa Zaragüetak altuera jauzia eta Joane Irina Arginzoizek xabalina jaurtiketa.
Mailari eusten saiatuko dira mutilak
Super Amara BATeko mutilak hirugarren izan ziren Lehen Mailako bigarren jardunaldian, Valladoliden. Ondorioz, jaitsiera ekiditeko lehian parte hartuko dute azken jardunaldian. Lau proba irabazi zituzten mutilek: Gen Abreuk 400m-ko lasterketa, Mikel Mateyk altuera jauzia, Mikel Camponek pertika jauzia eta Yeray Solisek xabalina jaurtiketa.