OHOREZKO MAILAN MANTENDU DA
Bidasoa Atletiko Taldearen emakumezkoen taldeak laugarren postuan bukatu du Valladoliden jokatutako Ligako azken jardunaldia.
Iberdrola Ligako lehen bi jardunaldi zailen ostean, mailan mantentzearengatik egokitu zitzaion Bidasoa Atletiko Taldeko emakumezkoen taldeari. Urteak daramatza Ohorezko Mailan lehiatzen eta, beste urte batez, Espainiar Estatuko atletismoko maila gorenean segitzeko helburuarekin joan zen Valladolidera. Maila mantendu zuten eta notarekin, gainera. Ria Ferrolek, Unicaja Jaenek eta Sprint Leonek soilik batu zituen Bidasoa Atletiko Taldeak baino puntu gehiago.
Garaipenak ematen dituen zortzi puntuak Teresa Errandoneak eta Naroa Furundarenak lortu zituzten. Errandoneak 13,66’’-tan gauzatu zuen 100 metro hesidunen proba eta Furundarenak 12,42 metroko marka erdietsi zuen jauzi hirukoitzean.
Bigarren postu ugari batu zituen Bidasoa Atletiko Taldeak: Camila Sanguinok 3,75 metroko langa gainditu zuen pertika jauzian, Maria del Mar Joverrek ziatika arazoei aurre egin eta 6,03 metroko luzera jauzia egin zuen, Miriam Gregorik 2:09,71 behar izan zituen 800 metroko proba gauzatzeko, eta Garazi Castañaresek mailu jaurtiketan 48,76 metrora bidali zuen mailua.
Bidasoa Atletiko Taldeko lasterkari gazteenek puntu baliotsuak batu zituzten. Laia Olascoagak eta Irune Muguruzak-biak 18 urteak betetzeko dituzte oraindik- meritu handiko hirugarren eta laugarren postua eskuratu zuten. 12,38’’ behar izan zituen Olascoagak 100 metroko proba gauzatzeko eta Muguruzak 1:00,83 denboran bukatu zuen 400 metro hesidunen proba.
Nabarmentzekoa ere 4x100 metroetako erreleboetako marka izan zen. Teresa Errandoneak, Malen Martinezek, Ana Gomezek eta Laia Olascoagak 47,14”-tan bukatu zuten proba eta klubeko marka ondu zuten.
Sailkapena:
1- Ria Ferrol 108 puntu
2- Unicaja Jaen 97 puntu
3- Sprint Leon 92,5 puntu
4- Super Amara BAT 91,5 puntu
5- AA Catalunya 90 puntu
6- L’Hospitalet 89 puntu
7- Marathon 75 puntu
8- Valladolid 72 puntu
Gizonezkoak datorren urtean Lehen mailan aritu beharko dira.
Datorren sasoia Ohorezko mailan aritzeko helburuarekin hasi zuten denboraldia Bidasoa Atletiko Taldeko gizonezkoen taldeak. azken jardunaldira arte esperantza hori mantendu izan zuten, baina azkeneko neurketa erabakigarrian, igoera lortzeko taldea gehiago garatu behar dela ondorioztatu zuen. Igoera inoiz baino garestiago bazegoen, talde bidasotarraren egunak ere ez zuen lagundu. Bajek eta zorte txarrak guztiz ekidin zuten igoera eskuratzeko edozein aukera.
Nahiz eta La Nuciako jardunaldian azken postuan geratu, Bidasoa Atletiko Taldeko Iker Arotzenak eguneko atleta baloratuenaren saria jaso zuen. Luzera jauzian 7,87 metroko marka izugarria egin zuen, baina, zoritxarrez, ez zuen balio izan 23 urtez azpiko Europako Txapelketan parte hartzeko minima lortzeko. Anemometroak haizea 2,1m/s aldeko izan zuela zehaztu zuen eta, ondorioz, beste txapelketa batean 7,70 marka erdiesten saiatu beharko da Arotzena.
Asier Zarandona eta Juan Errandonearen emanaldiak ere aipagarriak izan ziren. Biek ala biek bigarren bukatu zituzten beren probak; lehenak, 44,32 metroko disko jaurtiketa gauzatu zuen, eta bigarrenak, 15,03 metroko salto hirukoitza egiteko gai izan zen.
Sailkapena:
1- CAPEX 109,4 puntu
2- UCAM Cartagena 101 puntu
3- Cornella 100, 5puntu
4- Alcorcon 100 puntu
5- Celta 94 puntu
6- Safor-Teika 78 puntu
7- Bahia Algeciras 70 puntu
8- Super Amara BAT 60 puntu