Ohorezko B Mailara igotzeko hautagaia dela erakutsi du Tolosak Artalekun

2016/02/17

Estatuko Lehen Mailako lider sendoa da Tolosa Eskubaloia. Partida bakar bat galduta iritsi zen larunbatean Artaleku kiroldegira, eta orain arte izan duen nagusitasunaren arrazoia agerian utzi zuen. Ez zen neurketan ondo sartu, eta Bidasoa Bk abantaila handia hartu zuen lehen hamaika minutuetan (9-1). Hasierako kolpea gainditu zuen liderrak, eta atsedenaldirako 13-15 irabazten ari zen. Bigarren zatian, nagusi izan zen Tolosa. Larunbatean, Barakaldoko Lasesarren jokatuko du Bidasoaren filialak (18:30).

Ondorio larririk gabeko porrota jasan du Hondarribiak

Euskal Ligako Hondarribia Eskubaloiak porrota jaso zuen igandean etxean, Zarautzen kontra (22-26). Jaitsiera postuekin mugan daude berdeak, baina beheko arerioek ez dute irabazi, eta zazpi puntuko abantaila dute oraindik. Hitzordu zaila izango du Hondarribia Eskubaloiak larunbatean, Arrasate liderrari egingo baitio bisita (18:00).