“NIK EZTA EZ NEKIEN ERLOJUPEKOAN ONDO MOLDATZEN NINTZENIK ERE”
2021/06/21
Haimar Etxeberria irundarrak denboraldiko laugarren garaipena erdietsi du aste honetan. 18 urte txirrindularia Gipuzkoako Txapeldun bilakatu zen Aizarnazabalen jokatutako Gervaisen memorialean. Kronoa hautsi zuen Etxeberriak, 19:13,07 behar izan zuen proba irabazi eta bigarren sailkatuari 28 segundu ateratzeko. Txirrindulari irundarraren aurretik, Mikel Astarlozak, Markel Irizarrek, Ion Izagirrek, Alberto Martinezek eta Aitor Garmendiak irabazi dute honako memoriala. Bukaera maldatsuetan ondo moldatzen zela bagenekien, erlojupekoetan ere kontuan hartzeko izena da Etxeberriarena. Erlojupekoan hain ondo zenbiltzala bazenekien?Nik ezta ez nekien erlojupekoan hain ondo moldatzen nintzenik ere. Uste dut birritan hartu dudala erlojupeko modalitateetan erabiltzen den txirrinda eta egin nuen proba ez zitzaidan batere ondo atera. Erlojupekoa nire proba ez zela pentsatzen nuen, baina asteartean ikusi nuen ondo moldatzeko aukerak ditudala eta kapaza naizela.Gervaisen memoriala irabazi dutenen izenak ezagutzen dituzu? Zenbaitzuk ikusi ditut, izen horien artean nirea sartzea izugarria iruditzen zait.Memorialaren errekorra ere hautsi zenuen.Aurreko urteko errekorra 19:58 denboran zegoen eta 45 segundutan hobetu nuen. Oso pozik uzten nau, orain ikusi beharko da zenbat irauten duen errekor berriak.Garrantzi handia duen froga honetan garaipena eskuratzea aurrerapausua al da? Denboraldiko lasterketa garrantzitsuenetakoa da, memoriala eta Gipuzkoako Txapelketa; beraz, bi pausu aurrera eman ditut. Egia esan, gaur horretan ezin nuen sinistu egin nuenaz. Bi egun pasa dira, lortutako garaipenean pentsatu dut eta orain bai, txapeldun sentitzen naiz.4 dira aurten lortu dituzun garaipenak. Denboraldiaren zer nolako sentsazioa daukazu zuk? Orain arte egin dudan denboraldiarekin pozez txoratzen nago. Lau garaipen eskuratu ditut eta beste zortzi aldiz podiumera igo naiz. Espainiako selekzioarekin Tomelloson kontzentratua izan nintzen Paris-Rubaix eta Nazioen Kopan lehiatzeko, baina konfinamendu baten ondorioz ez nuen parte hartzeko aukerarik izan. Gogotsu nago denboraldiaren bigarren zatia ekiteko.Udaran selekzioarekin edo zure taldearekin jardungo duzu?Igandean Gipuzkoako klasikoa daukagu. Ondoren, ostiraletik asteartera bitarte Gipuzkoako Itzulian lehiatuko naiz eta bukatzeko, Espainiako Txapelketan zentratuko naiz. Uztailaren 19an jokatzen da eta junior mailan urteko txapelketa nagusia da.Espainiako Txapelketa horretara zein helbururekin joango zara? Helburua beti da irabaztea, baina dena ondo ateratzearekin konformatuko naiz. Aurten, erlojupekoan eta errepideko lasterketak egingo ditudalakoan nago eta ikusteke dago zer moduz moldatuko naizen.