Neurketa zaila aurrera atera du Real Unionek

2015/12/19
Neurketa zaila aurrera atera du Real Unionek

REAL UNION: Txusta, Azkoiti, Aimar, Esnaola, Ribera, Rodellar (Romo, 58'), Alonso, Eizmendi, Ozkoidi (Martins, 64'), Barrón (Mujika, 58'), Galán.

PORTUGALETE: Giralt, Gallego, Larreategi, Etxaniz, Moya, Valín, Kortabitarte, Ioritz (Kimmo, 70'), Galder (Merino, 55'), Gabri, Galán (Beltrán, 76').

GOLAK: 0-1: Gabri (16'). 1-1: Aimar (26'). 1-2: Kortabitarte (39'). 2-2: Eneko Romo (59'). 3-2: Galán (68').

EPAILEA: García Ballesteros. Txartel horiak: Eneko Romo, Martins, Mujika (Real Union); Valín, Ioritz, Gallego, Etxaniz, Larreategi (Portugalete).

Garaipenarekin amaitu du Real Unionek 2015a, mendeurrenaren urtea. Portugalete mendean hartu du Stadium Galen, baina lan handia egin behar izan du horretarako. Gorabeheraz beteriko partida izan da, kontrolik gabea. Maldan gora jarri zaie txuribeltzei ordu laurdena gainditu ondoren, Portugaleteren lehen golarekin. Hamar minutu beranduago markagailua berdindu du berriro Aimar Sagastibeltzak, Alonsok ateratako kornerra buruz errematatuta. Berdinketarekin baretu beharrean, partida berriro berotu egin da atsedenaldiaren aurretik. Lehenengo Txustak ekidin du Moyaren gola, buruz-burukoan. Baina hurrengo jokaldian, Kortabitartek txuribeltzen defentsako huts egiteak baliatu ditu, talde bizkaitarrari berriro abantaila emateko (1-2).

Bigarren zatian, berdegunean nagusitu ezinean jarraitu du Unionek. Ondorioz, ohi baino azkarrago egin ditu lehen aldaketak Aitor Zulaikak. 58.minutuan sartu ditu Mujika eta Eneko Romo. Nafarra izan da protagonista hurrengo jokaldian, gola sartu baitu zelaira irten bezain pronto. Beste korner batean izan da, Portugaletek geldikako jokaldietan dituen arazoen seinale. Neurketaren bizitasunak ez du atsedenik izan. Hurrengo erasoan zutoinera bidali du baloia Portugaletek. Azken gola, berriz, Real Unionek lortu du. Jorge Galanek sartu du, 68.minutuan, markagailua irauliaz (3-2). Abantaila hartuta ere, irundarrak ez dira gai izan aurkaria kontrolatzeko. Oldarkor aritu da Ezkerraldeko taldea, eta ezustekoren bat edo beste eman ahal izan dio Unioni. Txuribeltzek ere izan dituzte erabakitzeko aukerak. Onena Mujikarena izan da, baina ezin izan du Galanen pasea baliatu. Azkenean puntuak Irunen gelditu dira, ikuslearentzat atsegina izan den partida baten ondoren. Entrenatzaileek berriz, izango dute zer hausnartu. Real Unionek play-off postuetan amaituko du 2015 urtea.