Neurketa eroa irabazi du Real Unionek
REAL UNION: Otaño, Estrada, Gayoso (Urkizu, 67'), Senar, Azkoiti, Aimar, Capelete (Martins, 79'), Sergio Llamas, Orbegozo, Juan Domínguez, Eizmendi (Hernáez, 61').
GERNIKA: Altamira, Calle, Arego, Petxarroman (Güemes, 46'), Carracedo, Torrealdai (Txema Pan, 79'), Olaetxea, Abaroa, Santamaría, Etxabe (Bilbao, 87'), Gorka Larruzea.
GOLAK: 1-0: Orbegozo (19'); 2-0: Juan Domínguez (22'); 3-0: Orbegozo (25'); 4-0: Azkoiti (47'); 4-1: Güemes, (58'); 4-2: Olaetxea (62'); 4-3: Etxabe (75'); 4-4: Güemes (81'); 5-4: Orbegozo (93').
EPAILEA: Recio Moreno Txartel horiak: Eizmendi, Juan Domínguez, Azkoiti, Estrada, Hernáez (Real Union); Olaetxea, Torrealdai, Abaroa (Gernika).
Mailari eusteko bidea samurtu zaio Real Unioni, Gernika Stadium Galen mendean hartu eta gero. Asko kostata lortu ditu hiru puntuak, hori bai, luzapenean sartu baitu Mikel Orbegozok gol erabakigarria, bere hirugarrena. Kontuan hartu behar da txuribeltzek 4-0eko abantaila ere izan dutela. Azaltzen zaila dirudi, beraz, ondoren etorri dena. Lehen zati ona egin du Jose Luis Riberaren taldeak, aspaldian baino askoz eraginkorragoa izan da, eta hiru goleko errentarekin iritsi da atsedenaldira. Orbegozok sartu du lehena penaltiz, Juan Domínguezek bigarrena kontraeraso bat modu ederrean biribilduta, eta Orbegozok berak hirugarrena, Eizmendiren pasea baliatu eta baloia atezainaren oinen artetik sartuta.
47.minutuan, gainera, Mikel Azkoitik laugarren gola sartu du buruz, korner batean. Bigarren zatia lasaia eta erosoa izango zela zirudien. Ez da hala izan, ordea, inondik-inora. Bost minutuko epean bi gol sartu ditu Gernikak, 63.minuturako 4-2koa jarriaz. 75.ean, gainera, penaltia adierazi du epaileak, eta 4-3koa sartzeko baliatu du Etxabek. Ez ohiko animoak entzun dira orduan harmailan, taldearen gainbehera kezkatzekoa zelako. 80.minutuan 4-4koa sartu du Güemesek korner batean, norgehiagoka irabazten ahalegintzeko beste hamar minutuko tartearekin. Azken minutuetan, ordea, Unionek eduki ditu abagune onenak. Hernaezek baloia langara bidali du falta batean, eta Orbegozok buruz-buruko batean huts egin du ondoren. Biak izan dira protagonista azken jokaldian, Hernaezen jaurtiketaren aldaratzea baliatu baitu Orbegozok, buruz 5-4koa sartzeko. Onena emaitza izan da, hiru puntuekin, zazpiko aldea baitu Real Unionek promozio postuarekiko, hiru partida geratzen direnean.