“NEURKETA BORROKATZERA GOAZ”
Arerioak arerio, “edozein aurkariren aurka lehiatzea” taldearen nortasunean dagoela adierazi du Jacobo Cuetarak. Barcaren aurka lehiatuko da Bidasoa bihar (18:00).
Asobal Ligako lehen sailkatua eta bigarrena arituko dira nor baino nor gehiago. Barcak honezkero 41 puntu batu dituen Bidasoa jasoko du Palau Blaugranan. 26.jardunaldiari dagokion partidua jokatuko dute bi taldeek, atzeratutako neurketa berreskuratuko dute. 31-24 Recoletas Atletico Valladolid garaitu ostean, Bidasoak erronka bortitza izango du aurretik, Asobal Ligan norgehiagoka guztiak irabazi dituen taldearen aurrean punturen bat lapurtzea.
Premisa argiarekin bidaiatuko du Bidasoak Palau Blaugranara: “Partidua borrokatzera goaz”, aitortu zuen Jacobo Cuetara teknikariak. Neurketa, ezinbestean, zaila da, baina Cuetarak Bidasoak ezustekoa emateko aukerak dituela pentsatzen du: “norgehiagoka sendoa eta osoa egiten badugu, jaurtiketa eta atepeko eraginkortasun tasak berdintzen badira, eta kontraerasoko gol asko uzten ez bazaizkie garaipena lortzeko aukerak handituko ditugu. Bestela, aldea dago, noski”.
Nahiz eta taldea geroz eta sasoi hobean egon, Bidasoak zenbait “muga eta balditzak” dituela ohartarazi du Bidasoaren entrenatzaileak. Kauldi Odriozola oraindik ez dago prest jokatzeko eta “eskuin alboko jokalari gutxi izateak neurketa zailtzen du”. Bestetik, harrobiko jokalariak denboraldiko fase erabakigarrian sartuak dira, bai harrobiko taldea, bai jubenil taldea. Horientzako esperientzia aberasgarriak direnez gero, “klubak bertan parte hartzeko aukera eman nahi die, jokalarientzat esperientzia aberasgarriak baitira”.
Aste gogorra abiatu zuen larunbatean Bidasoak. Recoletas Atletico Valladoliden aurka jokatu ostean, bihar Bartzelonaren aurka lehiatu eta igandean Balonmano Sin Fin jasoko du Artalekun. Horregatik, “edozein partidatan lehiatzea” Bidasoaren nortasunean dagoen arren, “Sinfinen aurkako neurketan ere jarri behar da arreta, zortzi egunetan jokatuko dugun hirugarren partida izango baita”, azaldu zuen Cuetarak. “Astearteko partidak dakarren higadura, gehi bidaia eta abar jakinda, topera saiatuko gara, ilusiorik handienarekin joango gara ahalik eta hobekien egitera, beti egin izan dugun bezala”, gehitu zuen Bidasoako teknikariak.