Neguko Euskadiko Txapelketa irabazi du Santiagotarrak-ek
Neguko Gipuzkoako Txapelketan garaipena lortu ondoren, Euskadiko Txapelketa ere irabazi du Santiagotarrak Kirol Elkarteko pistako sekzioak. Etxean antolatu zuen, gainera, joan den asteburuan. Larunbaterako jarri zuen hitzordua, baina igandera atzeratu behar izan zuen, azkenean, eguraldi txarraren eta Bidasoa ibaiaren egoeraren ondorioz. Igandeko baldintzak ere ez ziren samurrak izan. Beraz, ahalegin handia egin behar izan zuten piraguistek.
Taldekako txapela jantzi zuen Santiagotarrak Kirol Elkarteak, eta Donosti Kayak eta Barrika izan zituen ondoan podiumean. Bakarka eta senior mailan, Iñigo Garciak C1eko proba irabazi zuen, eta Olatz Zabalak K1ekoa. 5.000 metroko ibilbidea osatu behar izan zuten parte hartzaileek, K1 eta C1 modalitateetan. Neguko Espainiako Txapelketa martxoaren 12an eta 13an izango da, Sevillan.