NAHI BAINO EZIN
Talde txuribeltzak Durangora bidaiatu zuen eta Tabira futbol zelaian ezin izan zuten hiru puntuak lortu, puntu bat lortu zuten soilik. Norgehiagoka zelaiak baldintzatu zuen eta haizeak ez zuen batere lagundu.
Hasiera ona izan zen Juan Dominguezen mutilena. Aukera onak izan zituzten lehen gola sartu eta markagailuan aurreratzeko, baina aukerak ez zituzten gauzatu. Hiru abagune garbi izan zuten txuribeltzek, horietako bi Galanen bidez baina esan bezala, lehen zatian berdinketa nagusitu zen. Galan hasierako hamaikakoan sartu zuen Juan Dominguezek, baina lehen zatian zelaia lesionatuta utzi behar izan zuen.
Bigarren zatia ere ongi hasi zuen Real Unionek baina durangotarrak izan ziren lehenak markagailuan aurreratzen. Jurgik kornerreko erdiraketa bikain baten ondotik sartu zuen gola buruz 71.minutuan eta Javi Martinezek 84. Minutuan berdinketakoa egin zuen.
Ondorengo minutuak zirraragarriak izan ziren, bi aukera izan zuten irundarrek eta beste bat Durangoko Kulturalak baina norgehiagoka banakoarekin amaitu zen. Aipatzekoa da, bi gol baliogabetu zituela epaileak, bat Real Unioni eta bestea durangotarrei, biak ala biak jokoz kanpo izateagatik.