Nafarroako Ligan aritzen diren Baztanek eta Doneztebek puntuak gehitu dituzte asteburuan

2024/10/29
Gipuzkoako Ligan lehiatzen diren Beti Gazteko bi taldeek eta Gure Txokoak berriz, ezin izan dute garaipenik bildu azken jardunaldian. Lesakarrek Tolosako bi taldeak izan zituzten aurkari Mastegin eta porrot bana jaso zuten. Beratarrek aldiz, Oiartzun bisitatu zuten eta hauek ere punturik gabe bueltatu ziren etxera.
Nafarroako Ligan aritzen diren Baztanek eta Doneztebek puntuak gehitu dituzte asteburuan

Baztan-Bidasoako futbol talde nagusien artean, soilik Nafarroako Ligan ari diren Baztanek eta Doneztebek lortu dute garaipena asteburuan, Lagunak eta Mendi taldeei irabaziz hurrenez hurren. Gipuzkoako Ligan ari diren Beti Gazteko bi taldeek eta Gure Txokoak berriz, puntuak galdu dituzte azken jardunaldi honetan.

Gipuzkoako Ligan, emakumeen Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek etxean galdu zuen pasa den larunbatean. Tolosa B jaso zuen Mastegin eta 3-5eko markagailuarekin galdu zuten lesakarrek. Saiatu ziren partiduak ez ihes egiten, baina ezin izan zuten deus ere egin. Hala ere, itxura ona eman zutela erran du Ainara Otxoteko bigarren entrenatzaileak, jokalari bat guttiagorekin aritu zirelako zati handi batean eta gai izan zirelako minutu horietan guztietan neurketari eusteko. 

Gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek ere porrota jaso zuen pasa den larunbatean etxean eta aurkari beraren kontra. Tolosa izan zuten aitzinean hauek ere, emakumeen ondotik, eta 1-4ko markagailuarekin galdu zuten. Javier Escagües entrenatzaileak aipatu duenez, emaitzak ez du islatzen lesakarrek egindako lana. Lau gol jaso bazuten ere, neurketa parekatua izan zela jakinarazi du entrenatzaileak, nahiz eta etxekoek egindako akats batzuk ongi ordaindu zituzten.

Erregional mailako Gure Txokoak ere 2-1 galdu zuen asteburuan Oiartzun B taldearen kontra. Euriteengatik baldintzatua egon zen partidua, zelaia putzuz betea baitzegoen. Oiartzuarrek joko zuzena ezarri zuten eta beratarrentzat hori ez zen egokiena izan. 2-0eko markagailuarekin joan ziren atsedenaldira eta bigarren zatian saiatu ziren hori berdintzen. Neurketaren azken minutuetan lortu zuten gol bat sartzea, baina ez zen nahikoa izan puntuak ateratzeko. Ganix Zubieta entrenatzaileak egin du partiduaren balorazioa. 

Nafarroako Ligan berriz, arrakastaz bukatu zuten asteburuko jardunaldia. Lehen maila autonomikoko Baztanek 3-1 irabazi zuen etxean Lagunak taldearen kontra. Partidua hasi eta ordu laurdenera ailegatu zen baztandarren lehen gola, Eloi Basseren eskutik, eta 1-0ekoarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira. Bigarren zatian berriz, aurkariak emaitza berdintzea lortu zuen, baina baztandarrek ez zuten amore eman eta lanean segitu zuten. Hamar minutura, berriz ere aitzinetik jarri ziren etxekoak, Aritz Maisterrenaren golarekin, eta hori gutti balitz, hirugarren gola sartzeko aukera ere aprobetxatu zuten, kasu honetan Imanol Zokok sartua. Hiru puntu gehiagorekin pozik bukatu zuten baztandarrek jardunaldia, puntuak etxean utziz, Sergio Oskoz prestatzaileak adierazi duenez. 

Azkenik, Preferente mailako Doneztebek ere garaipena eskuratu zuen pasa den larunbatean etxean, Mendi taldearen kontra. 2-1eko markagailuarekin irabazi zuten, lehen gola atsedenaldiaren aitzinetik lortuz, Ugaitz Aldaberen eskutik. Bigarren zatia hasi eta Mendi izan zen gola sartu zuena, emaitza berdinduz. Hauek ere saiatu ziren berriz ere markagailua euren alde jartzen eta lana gogor egin ondotik, Fermin Estangak penaltiz sartutako gol batek garaipena eman zion Doneztebeko taldeari. Hauek ere hiru puntu gehiago poltsikoratuta, lider segitzen dute sailkapen orokorrean, bigarren postuan dagoen Gazte Berriak taldearekin berdinduta. Oier Beltran bigarren entrenatzaileak egin du partiduaren balorazioa.