Mylene da Costak eta Unai Arroyok irabazi zuten Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketaren 25. edizioa

2024/10/29
Ezbehar batek ere markatu zuen lasterketa urtemuga berezi honetan. Helmugaratutakoan 31 urteko korrikalari bat zendu zen eta osasun zerbitzuek ezin izan zuten deus ere egin bere bizia salbatzeko.
Mylene da Costak eta Unai Arroyok irabazi zuten Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketaren 25. edizioa

Donibane Lohizune-Hondarribia maratoi erdia ospatu zen pasa den igandean, urriaren 27an, bere 25. edizioan. Maila handia izaten da urtero eta aurten ere horrelaxe izan da. Emakumeetan, Mylene da Costa Reis nagusitu zen eta gizonetan aldiz, Unai Arroyo. Hala ere, ezbeharrak markatutako lasterketa izan zen, 31 urteko korrikalari bat zendu baitzen helmuga zeharkatuta.

Euriak atseden eman zuen igandean eta eguraldi epelaz gozatzeko aukera izan zuten lasterketa osatu zuten 2.716 korrikalariek. Emakumeetan Mylene da Costa Reis nagusitu zen, 1:22:23ko denborarekin. Bi minutu eskasera heldu zen CD Donostiarrak taldeko Nerea Egia Larrinaga (1:24:05) eta podiuma Marion Barrerek osatu zuen (1:25:05). Gizonetan, Unai Arroyo donostiarrak lortu zuen lehen postua, 1:08:14ko denborarekin, Jaume Leivaren (1:09:09) eta iazko Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketako irabazlea izan zen Pierre Urrutyren aitzinetik (1:22:05). 

Sailkapen osoa hemen: https://pb-organisation.com/resultats/G-LIVE/g-live.html?f=../suivi2024/DONIBANE%20LOHIZUNE%20HONDARRIBIA%20LASTERKETA%202024.clax

31 urteko korrikalari bat zendu zen helmuga zeharkatuta

25. edizioa aldiz, markatuta gelditu zen ezbehar batengatik. 31 urteko korrikalari bat zendu zen helmuga zeharkatzerakoan. Lasterketaren domina bildu eta zorabiatuta sentitu omen zen. Osasun zerbitzuek artatu zuten, baina ezin izan zuten deus ere egin bere bizia salbatzeko. Antolaketak, honen ondotik, komunikatu bat zabaldu zuen korrikalariaren familia eta lagunartekoei doluminak emanez eta segurtasun neurri guztiak hartuak zituztela oroitaraziz:

"Atsekabe handiz, Donibane-Hondarribia erdiko maratoiaren antolakuntzak jakinarazten du gaur ospakizun eta norbere burua gainditzeko eguna izan behar zuen honetan parte-hartzaile baten heriotza gertatu dela. 25. edizio honetan, 31 urteko korrikalari batek zorabio bat izan du helmuga zeharkatzean, Donibane Lohitzune eta Hondarribia lotzen dituen ibilbidea amaitu ondoren.

Korrikalariei arreta emateko eta halako larrialdietarako prestatuta zeuden iritsiera-gunean zeuden zerbitzu medikoek atleta berehala artatu dute, ahalik eta arinen erreakzionatuz eta beharrezko baliabide guztiak erabiliz egoera egonkortzen saiatzeko. Hala ere, osasun-langileek ahalegin guztiak egin arren, ezin izan zuten zorigaiztoko amaiera saihestu. Gaur, «Donibane» familiaren baitan, tristura handiz bizi dugu korrikalari honen galera; izan ere, korrikalari, boluntario, antolatzaile eta zaleen familia handi honen parte zen, urtero erdi-maratoi honen emozioa partekatzen dutenena. Senide eta lagunen doluarekin bat egiten dugu eta gure dolumin zintzoenak helarazten dizkiegu une latz honetan.

Erdiko maratoi hau, aurreko edizio guztietan bezala, segurtasun eta osasun protokolo zorrotz baten arabera burutzen da, urtero eguneratzen eta egokitzen dena parte-hartzaileen ongizatea une oro bermatzeko. Hala ere, halako gertakariek kirol probek duten konplexutasuna eta intentsitatea gogorarazten dizkigute. «Donibane»-k ez du lasterketa bat bakarrik irudikatzen, ahalegina eta dedikazioa konpartitzen dituzten milaka pertsonen tradizioa baizik, eta gaur gure familien parte izan den baten galera sakonki dolutzen dugu.

Era berean, probak aurrera egin ahala, beste bi korrikalarik osasun arazoak izan dituzte eta berehala eraman dituzte, bata Bidasoako eskualdeko ospitalera eta bestea Donostiako Poliklinikara; gaur egun biak artatzen ari dira eta pronostikoa erreserbatua da.

Eskerrak eman nahi dizkiegu laguntza eta arreta zoragarria eskaini duten osasun taldeen eta boluntarioen dedikazio eta profesionaltasunari, baita une zail honetan komunitate osoak erakutsi duen ulermen eta errespetuari ere. Antolakuntzatik, ekitaldi honetan parte hartzen duen pertsona bakoitzaren segurtasuna eta arreta bermatzeko dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, eta lanean jarraituko dugu lasterketa honek topagune eta norbere burua gainditzeko lekua izaten jarrai dezan, gure kide maiteak bezala dena eman dutenak beti gogoan izanda.

Eskerrik asko dolu une honetan emandako babesa eta ulermena eskertzeko, eta gure besarkada eta errespetua adierazi nahi dizkiegu une latz honetan kaltetutako guztiei."